11:30ean burutu du Poliziak desalojoa, atea rotaflexarekin ireki eta barruan zeuden pertsonak aterarazi ondoren. Ertzaintzak pertsona bat zauritu du buruan eta furgoneta batean eraman du. Herritarren "babes itzela" eta Ertzaintzak erabilitako "biolentzia handia" nabarmendu ditu Kordako kide Haize Agirrek, ARGIAri eginiko adierazpenetan. Joan den astelehenean bilera egin zuten Kordako kudeatzaileek 21 Zabalgunea sozietate publikoko ordezkariekin, baina ez zuten inongo akordiorik lortu. Ertzaintza bertaratu egin da gauerdian; ordurako espazio barruan itxita zeuden hamar lagun.
"Gauerdian agertu dira sei polizia furgoi eta kalea moztu dute. Bizilagunak lehen momentutik gerturatu dira babesa ematera. Kide batzuk korda barruan jarraitzen dute erresistentzia egiten". Mezu hori zabaldu du Auzoan Bizi etxebizitza sareak goizaldean. Dozenaka dira poliziak, eta Korda dagoen Alde Zaharreko Pintore kalea moztu dute. Espazioaren desalojoa ekiditen saiatzera agertu diren herritarrak gero eta gehiago izan dira goizak aurrera egin ahala, amaiera aldera 100 eta 200 artean izateraino, Kordako kideen esanetan.
Kordako kide Haize Agirrek desalojoa nola gertatu den azaldu dio ARGIAri. "Ertzaintza barruan sartu da, atea rotaflex batekin apurtu ostean. Barruan zeuden hamar pertsonak beren kabuz irten dira, baina kalea zapaltzean pintura bota dute gainean. Orduan, ertzainek beren aurka egin dute, biolentzia handiz, borrak erabilita". Oldarraldi horretan Kordako kideetako bat buruan zauritu dutela azaldu du Agirrek, eta odola bistan zuela furgoneta batean eraman dutela. Espero dute ospitalera eramango dutela, baina Agirrek ardura azaldu du, atxilotu egingo ote duten. Korda barruan itxita zeuden beste bederatzi kideak banan-banan identifikatu ditu Ertzaintzak, eta ostean aske utzi. Azken identifikatua 11:30ean utzi dute libre.
Hunkituta hitz egin du Agirrek desalojoa amaitu berri. Batetik, auzokide eta herritarren "babes itzela" dela eta: "Gauerditik daramagu hemen, jendeak hamabi ordu eman ditu etengabe Kordari eta barruan zeudenei babesa helarazten". Bestetik, ertzainen jarrerak erasan dio: "Oso bortitza izan da".
Jarraian, Ertzaintza barruan itxita zeuden kideen aurka oldartu den momentuaren bideoa, Arabako Aleak zabaldua. Bi atxilotu aipatzen ditu, baina aske utzi dituzte pertsona horiek, identifikatu ostean.
‼️ [AZKEN ORDUKOA] Korda hustu berri du Ertzaintzak. Bi pertsona atxilotu dituzte, gutxienez.
— Arabako ALEA (@ArabakoALEA) June 4, 2025
Kordako kide bati sudurra hautsi diotela salatu dute.https://t.co/qfB6fnbyAp pic.twitter.com/0pykKyoSIL
Jarraian, Poliziak zauritu eta furgoneta batean eraman duen pertsona, Arabako Aleak utzitako argazkian.
Udalaren jabetza
Korda espazioko erabiltzaileek apirilean jakin zuten Gasteizko Udalak espazioa husteko agindua helarazi zuela, eta maiatzean ezagutu zuten horretarako data: ekainaren 4a. Gasteizko Udalaren 21 Zabalgunea sozietatearen jabetzakoa da espazioa. Iragan ostiralean sozietateak Alde Zaharrean duen egoitzara jo zuten Kordako kideek, eta “presioa” egin ondoren astelehenean bilera bat egiteko konpromisoa lortu zuten. Baina bilera horretatik ez zuten inongo ondorio positiborik atera, Kordako kide batek ARGIAri azaldu dionez: “Presioari esker bilera lortu genuen, baina ez dute negoziatzeko inongo asmorik adierazi, nahiz eta gu prest ginen gure jarduerekin jarraitzeko akordioren bat bilatzeko”.
Azken asteetan desalojoa salatu eta erresistentzia prestatzeko hainbat jarduera antolatu dituzte, eta dei egin diete herritarrei desalojo egun honetan espazioa babestera.
2022ko ekainean okupatu zuten Korda espazioa Auzoan Bizi etxebizitza sareak, Zaharraz Harrok eta Herrizoma elikadura sareak. Denbora luzea hutsik zeraman espazio munizipalak, Pintore kaleko 51 zenbakian, Gasteizko Alde Zaharrean. “Hutsik eta egoera txarrean zegoen espazio bat berritu dugu, eta auzoko hamarnaka kolektibok eman diote erabilera, auzoan egunerokotasunaren parte bilakatu den arte”, adierazi zuten huste aginduaren berri izan zutenean.