Astearte gauean, Bartzelonako Zona Francako CIE Atzerritarrak Barneratzeko Zentroan 70 lagun inguruk ordu batzuez eutsi zuten patioan askatasuna eskatzeko. Jangelan hasitako protesta baten jarraipena izan zen. Uztailean zentroa berrireki zutenetik tentsio egoera ugari izan dira bertan.
Testigu baten arabera, protesta arratsaldeko zortzi t´erdiak aldera hasi zen. Lagun talde bat jangelan objektuak jaurtitzen hasi zen janariaren kalitate txarra eta jasotzen duten tratua salatzeko. Ondoren, patiorako bidea hartu eta altxariko kide batzuek patioak banatzen dituen horma igo zuten segurtasun kamerak apurtzeko asmoarekin.
Zentroaz arduratzen den Espainiar Poliziaren bertsioa bestelakoa da. Polizia iturriek diote bederatzi t´erdiak inguruan lagun talde batek sukaldetik ihes egiteko saiakera egin zuela. Ondoren, 70 lagun inguru patiora irten ziren askatasun eske.
Testiguek diotenez hamaikak aldera istiluen aurkako agenteen furgonetak iritsi ziren, gutxienez lau. Poliziek esanikoaren arabera gau erdia baino lehen istilua amaitua zegoen, baina azken agenteek ez zuten zentroa utzi ordu batak aldera arte.
Bitartean, CIEaren kanpoaldean 30 manifestari inguru bildu ziren lapiko eta petardoekin zarata eginez. La Directak zabaldu duenez, manifestariak zentroko ate nagusiko burdin hesia apurtzen saiatu ziren. Mossoek bi pertsona identifikatu eta hainbat matrikuletako zenbakiak hartu zituzten.
Duela egun gutxi, Madrilgo CIEan gertaturiko altxamenduarekin batera, elkartasuna adierazteko 24 orduko gose greba sinboliko bat egin zuten barneratu ugarik. Madrilen 40 immigrante inguruk teilatuan igaro zuten gau bat “askatasuna” aldarrikatuz. Aurretik, Bartzelonan bertan, urriaren 7an beste altxamendu bat izan zen eta 16an ihesaldi saiakera bat.
Zentro hauetan barneraturik daudenek jasaten duten tratua askotan salatu da, atzerritarrentzako “kartzela” modukoak direla ere esanez.