argia.eus
INPRIMATU
Asiron: "Paralisi urteak atzean utzi nahi ditugu eta jendearen beharrei erantzuten hasi"
  • EH Bilduk prentsaurrekoa eskaini du asteazken goizean Iruñeko zentsura mozioaren inguruan. Joseba Asironek azaldu du bilerak abiatuko dituela talde aurrerakoi guztiekin, gobernu programa osatu ahal izateko, eta abenduaren 28ra arte "egun intentsoak" izango direla iragarri du.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko abenduaren 13a

EH Bilduk prentsaurrekoa eskaini du Iruñean, alkatetza aldatzeko zentsura mozioa aurkezteko PSNrekin egindako akordioari buruzko azalpenak emateko.

Miren Zabaleta Nafarroako EH Bilduko koordinatzaile nagusiak hitz egin du lehenik eta esan du "berri oso ona" dela esan du hasieratik. Bere esanetan, EH Bilduk eta PSNk "diagnosi partekatua" egiten dute oraingo egoeraren inguruan: UPNren udal gobernua "paralisi eta blokeo" egoeran zegoela. "Bost urtez aurrekonturik gabe" egon direla gogorarazi du. Hala, argi utzi du "garai berri bat" hasten dela hiriarentzat.

Akordioak hiru ardatz izango ditu, lehenengoa Iruñea "elkarbizitzarako hiri" bihurtzea: "Iruñea memoriaren justiziaren eta erreparazioaren hiri bihurtzeko lagunduko duten ekimen guztiak sustatzeko konpromisoa hartzen dugu", esan du Zabaletak. 

Euskara bultzatzeko konpromisoa ere hartu dute, "hizkuntza gutxitua den heinean", baita biolentzia matxistaren kontrako edo hiri "inklusibo bat" egiteko neurriak hartzeko konpromisoa ere.

Bigarrenik, hiria hobetzeko hainbat egitasmo adostu dituzte, besteak beste, etxebizitzari dagokionez edo Sarasate pasealekuaren berrurbanizazioa eta Erorien Monumentuan esku hartzea; mugikortasun jasangarria sustatzeko proiektuak ere jarriko dituzte martxan.

Amaitzeko, Iruñean 2024 aurrekontuak "ahalik eta azkarren" onartzeko bideari ekin nahi diote. "Akordio ona dela uste dugu, hain ezberdinak garen bi kultura politikoren artean adostasunak eraikitzeko balio izan du".

Asiron: "Harri garrantzitsu bat da"

Joseba Asironek hitz egin du ondoren: "Gaurkoa oso egun garrantzitsua da Iruñean, harri garrantzitsua jartzen ari gara bere etorkizunarentzat, paralisi urteak atzean utzi nahi ditugu eta jendearen beharrei erantzuten hasi nahi dugu", esan du.

Lehenengo egunean zuten "ilusio" bera mantentzen dutela esan du alkategaiak eta eskerrak eman dizkie "zentsura mozioa sinatu duten indar politiko eta zinegiotzi guztiei, baita udal hauteskundeetan botoa eman ziguten herritar guztiei ere".

Bilerak talde politiko aurrerakoiekin

Horrez gain, iragarri du abenduaren 28ra arte "egun intentsoak" izango dituztela eta alderdi aurrerakoi guztiekin bilerak egingo dituela: "gobernuaren akordio programatikoa osatzeko helburuarekin".

PSNk udal gobernuan parte hartuko duen galderari erantzunez, "oso ongi irudituko litzaiguke" esan du Asironek, azken bi legegintzalditan "lan trinkoa" egin dutelako elkarrekin, baina hori PSNk erantzun beharko duela dio. Hala ere, ez balitz orain sartuko, irekita agertu da aurrerago horrela izan dadin, "ez litzateke arazorik izango".

Nolanahi ere, Zabaletak argi utzi du "Iruñearentzat egin den akordio bat" dela: "Gustatuko litzaiguke lehenago gertatu izana, baina orain izan da", esan du. Baina beste udal batzuetan antzeko zerbait gerta litekeenik ez du baieztatu EH Bilduko ordezkariak.