argia.eus
INPRIMATU
Asiako eta Europako burtsek galera historikoak jasan dituzte, Trumpen gerra komertziala tarteko
  • Asian Hong Kong izan da galerarik handienak jasan dituena: %13,2 galdu du, 1997tik pairatu duen kolperik handiena. Europan, berriz, %6 eta %10 arteko galerekin abiatu dute astelehena burtsa nagusiek. Trumpek hartutako neurriak salatzeko mobilizazioak egin dituzte Europako eta AEBetako hiri handienetan.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko apirilaren 07a
Frankfurteko (Alemania) burtsa izan da Europan gehien kolpatuta irten denetako bat. Reuters / Joachim Herrmann

2017ko urtarrilean AEBetako presidente gisa lehen agintaldia abiatu zuenetik, "Askatasunaren Eguna" deituriko Etxe Zuriko ekitaldiak baliatu ditu Donald Trumpek mundu osoko herrialdeen edota enpresen aurkako zergak ezartzeko. Washingtoneko maizterrak berak asmatutako ekitaldi horren azken edizioa aurreko asteazkenean izan zen, Trumpek muga-zerga “unibertsala” iragarri zuenean mundu osoarentzat. Bada, berehala nabaritu dira neurri horren ondorioak mundu mailako merkatuan: Asiako eta Europako herrialde nagusietako burtsek aspaldiko galerarik handienak pairatu dituzte astelehenean.

Trumpek muga-zergak justifikatzeko erakutsitako taula, ustezko portzentajeekin. Etxe Zuria

Asiako burtsei dagokienez, Hong Kongekoa izan da muga zergek gehien kolpatu dutena: 1997tik galerarik handienak jasan ditu, %13,2 galdu baitu. Asteazkenean iragarritako neurriarekin, %54ra iritsi dira AEBek Txinari ezarri dioten muga zergak, eta hori nabarmen atzeman da Shangaiko burtsak izan duen jaitsieran: %7,3ko galerak izan ditu, zehazki. Taipeigo burtsak, berriz, AEBen eta Txinaren arteko gerra komertzialean garrantzia handia duen merkatua izanik –txip erdieroaleen produkzio altuena duen herrialdea da Taiwan–, %9,7 egin du behera.

Asian soilik ez, eta Europako herrialde nagusietako merkatuetan ere izan ditu ondorioak Trumpen politika protekzionistak: %6 eta %10 arteko galerekin abiatu dute astelehena, besteak beste, Alemaniako Frankfurteko burtsak (%10), Italiako Milangoak (%7) eta Pariskoak (%6,7). Espainia ez da salbuespena izan, Ibex35a %7ko galerak izatera iritsi baita. "Amerika berriz aberats egiteko" justifikatu zituen Trumpek muga zergak asteazkeneko agerraldian, AEBekin komertzialki “gaizki portatu” diren herrialde eta lurraldeei zuzenduta baitaude.

Mobilizazioak Europan eta AEBetan, Trumpen autoritarismoaren aurka

Ez muturrik sartu lelopean, Europako eta AEBetako hiri handienetan mobilizazioak egin dituzte larunbatean, Trumpek urtarrilean AEBetako presidentetzara iritsi zenetik hartutako erabakiak gaitzesteko. Milaka estatubatuarrek bete dituzte Washingtoneko, Bostoneko edota New Yorkeko kaleak, baina baita beste hainbatek ere Pariskoak, Berlinekoak edota Londresekoak. Trumpen nahiz haren administrazioaren aurkako aldarriak oihukatu eta erakutsi dituzte mobilizazioetan, besteak beste, etorkinen deportazioak eta LGTBIQ+ pertsonen aurka hartutako neurriak salatuz.