Dozenaka eragilek babestutako agerraldi jendetsuan, kezka agertu du auzoetan mezu xenofobo eta baztertzaileak indartzen ari direlako herritarren artean. Herrigintzak “zailtasun eta erreminta falta handia” duela uste dute, baina gatazkei elkartasunetik eta saretuz erantzutera gonbidatu ditu gasteiztarrak.
Agerraldia larunbat eguerdian egin du Gasteiz Anitza ekimenak, Errota auzoan, eta ez kasualitatez. Ikasturte hasieran delinkuentziaren aurkako mobilizazioak piztu ziren auzoan, abandonatutako lonjetan bizi ziren gazte migratzaileak kanporatzea eskatuz. “Ezinegona sortzen zigun pobreziaren bazterretan aurkitzen ziren auzokideak auzotik bota nahi zituzten mezuak bere kaleetan zehar ikustea”. Orduan hasi ziren elkarrekin lanean hainbat pertsona eta eragile –aurreko urteetan ildo beretik egindako lana ere baliatuta–, “egoera honek dituen erpin guztiak” aintzat hartu eta “auzokideon arteko elkar ezagutza” sustatzeko. Ordutik, adierazi dute, hiriko 30 eragile baino gehiago batu dira helburu komunera: “Auzoak trebatzea auzoko arazoen konponbidean. Ez dagoelako sare lana bezalakorik gure komunitateetan eragiteko”. Rosabel Argote-k eta c-ek egin dituzte bozeramaile lanak, azken horrek euskaraz.
Pobrezia eta arrazakeria gora
Diagnostiko gordina egin du Gasteiz Anitzak prentsaurrekoan: hirian, batetik, “geroz eta pertsona gehiago daude kale gorrian, muturreko pobrezia egoeran, eta instituzioek ez dute baliabiderik ematen egoera honi aurre egiteko”; bestetik, errefuxiatu eta migratzaileekiko “ gero eta beldur eta gaitzespen handiagoa dago”.
Bazterkeri mezuak “ohikoak” bilakatu direla salatu du Altnkirchek. Zehazkiago, azpimarratu du gazte migratzaileen aurkako arrazakeria “biderkatu” dela, eta Aranan aurreikusita dagoen errefuxiatuentzako harrera zentroa “gorrotoa bultzatzeko kanpaina politikoen fokuan” jarri dutela. Eskuin muturra mezu horiek “hauspotzen” ari dela salatu du ekimenak, eta zenbait hedabide “arduragabekeria osoz” ari dela etengabe hori guztia “elikatzen”.
Eredu bat indartzen ari da, adierazi dute, “egoera larrien aurrean soilik Poliziaren esku hartze gehiago eskatzen duena eta eskubideen urraketei entzungor egiten diona”.
Elkarbizitza sustatu eta ardura hartu
Horren guztiaren aurrean “praktikan” beste eredu bat jartzeko asmoa agertu du Gasteiz Anitzak, eta batzeko gonbita egin dei gasteiztarrei.
“Elkarbizitzan jarri dugu abiapuntua” adierazi du Altnkirchek, eta hori lortzeko tresna nagusia “elkartasuna” dela ziurtatu. “Jakin badakigu, bizikidetza arazo larriak sortzen dituen egoerak ematen direla. Uste sendoa dugu auzokideok ardura hartu behar dugula gure auzoetan ematen diren arazo anizkoitzen konponbidean”, azaldu du. “Ez gara poliziak, ezta epaileak ere. Ez dugu sartu nahi zer den legala edo ilegala eztabaidan. Gu auzokideak gara eta rol horretatik mugituko gara”.
“Berdin digu non eta noiz jaio garen, Gasteiztarrak gara. Auzokideak gara”, azaldu du ekimenak, eta auzokideen artean “konfiantza zubiak” eraikitzeko “bitartekaritza komunitarioa” erreminta baliagarria dela defendatu. Horrela egin zioten aurre urte hasieran, hain zuzen ere, Judimendin sortutako gatazka bati, erreportaje honetan sakon azaldu genuen moduan. “Ez dugu konponbidea eman, baina denon artean ekarpena egin dugu norabide on batean", adierazi zioten prozesuan inplikatutako solaskideek ARGIAri.
Fokua herritarrengan eta herrigintzan jarri dute, baina erakundeei exijitu diete beren ardurak betetzea. Gasteizko Udalari, Arabako Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari “zerbitzu sozialen sare zabal eta eraginkorra” bermatzeko eskatu eta salatu dute behartsuenentzako zerbitzuak “kolapsatuta” daudela baliabide faltagatik. Udaleko elkarbizitza eta anistasun zerbitzuari eskatu diote gatazken aurrean eta aurretik “gizarte kohesioa” elikatu dezala, “palteamendu praktiko eta gauzagarriekin”.
Bide berriak arakatu
Gasteiz Anitzaren ustetan, ez da onartu behar “ohikoak”bilakatzea “kalean edo abandonatutako lonja eta lokaletan bizi diren pertsonen aurkako jarrera” ezta, “babesa eskatzen duten errefuxiatuen aurkako diskurtso xenofoboak eta arrazistak normalizatzea”. Horren guztiaren iturburua “pobrezia, arrazakeria eta bazterkeria” daudela ziurtatu du Altnkirchek.
“Eskuin muturraren mezuak indarra irabazten doazen testuinguruan herrigintzatik zailtasunak eta erreminta falta handia dugu”, aitortu dute, baina egoera iraultzera deitu dituzte Gasteizko eragile eta herritarrak, “tresna berriak ikertu eta bide berriak jorratzera”.