argia.eus
INPRIMATU
Aroztegiko Elkartasun Komiteak salatu du bi kidek jazarpenak eta irain matxistak jasan dituztela
  • Taldeko kideen aurkako eraso matxistak talde osoaren aurkako eraso gisa ulertzen dituela adierazi du Aroztegiko Elkartasun Komiteak. Komiteak salatu duenez, Aroztegiko epaiketara ikusle gisa sartu nahi zuen jendearen zerrendatik "Baztango mutil-dantzari talde baztertzaileko" kide baten izena kentzearen harira gertatu dira erasoak.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko ekainaren 19a
Aroztegiko auzipetuak epaiketaren ondoren. X. Letona / ARGIA CC BY-SA

Aroztegiko Elkartasun Komiteak oharra kaleratu du astearte goizean, epaiketaren prozesuan eta ondoren bi kidek jasan dituzten eraso matxistak salatzeko. Azaldu dutenez, epaiketara ikusle gisa sartu nahi zuten pertsonekin zerrenda osatu zuen komiteak, eta kide batek "Baztango mutil-dantzari talde baztertzaileko" kide baten izena gehitu zuen. Komitearen arabera, ordea, talde hori urte luzez emakumeak publikoki baztertzen eta eraso egiten aritu da Baztango plazetan. Hortaz, taldekideen "gehiengo zabalaren babesarekin" kendu egin zuten pertsona hori zerrendatik.

Oharrean azaldu dute pertsona horrek, "egoera hausnartzeko aukera" baliatu ordez, bi kide publikoki seinalatu zituela: "Mezua lau haizetara zabaldu eta komiteak bere osotasunean hartutako erabakiaren zilegitasuna arriskuan paratu zen". Gainera, salatu dute kide bat jazartzera bere etxeraino ere joan direla, baita Whatsappetik irainak jasan ere.

"Taldekideen aurkako eraso matxistak talde osoaren aurkako erasoak dira"

Bi kidek pairatutako erasoa "irmo" salatzeaz gain ondorengoa "argi" azpimarratu nahi izan dute: "Taldekideen aurkako eraso matxistak talde osoaren aurkako eraso gisa ulertzen ditugu".