argia.eus
INPRIMATU
Arbonako okupazioaren aldarria erosleari Parisko etxe aurrera eraman diote laborariek
  • Bada hilabete bat ELB eta Lurzaindiak Arbonan salgai den etxalde bat okupatzen dutela. Etxalde hori eta inguruko 15 hektarea lur saldu dizkiote 76 urte dituen eta Parisen bizi den emakume aberats bati 3,2 milioi euroan. Astearte goizean laborariak Frantziako Estatuko hiriburura joan dira beren aldarrikapenak entzunaraztera.

ARGIA @argia 2021eko abuztuaren 03a
Arbonako lurrak ez erosteko eskatu diote erosleari Parisen, bere etxe aurrean. (Argazkia: ELB)

"Ez dugu onartzen ahal tratu hori, lurraren prezioa ezartzen baitu ezin hurbilduzko neurri batean laborantxatik bizi nahi duenarentzat. Gainerat, andere horrek deskantxu eta abusagailu lekutzat baliatuko du lur hori. Badu hilabete bat, arranjamendu batnahiz, proposatu dakogula berak erostea etxea eta 3,5 hektarea lur eta guretzat uztea 11,5 hektarea gazte batzuen laborantxan plantatzeko", adierazi dute prentsara bidalitako oharrean.

Hilabete hortan, Iparraldeko 90 auzapezen sustengua eta aldeko 27.500 sinadura lotu dituztela oroitu dute, baita ekintza ugari egin ere. Nabarmentzekoa da, etxalde horren egoitza nagusia okupatu dutela laborariek. "Parrean haatik, saltzaile eta erosle ixilik daude eta hortako gira egun Pariserat joaiten ekintza berri baten bururatzera han bizi baita andere erosle dirudun hori!".

"Nahi diogu erakutsi urrun izanagatik, gure ekintzak berdin obratuko ditugula. Ahal bada, nahi ginuke harekin solastatu eta gisa oroz jakin arazi behar dituela 12 hektarea horiek guri utzi zeren eta erostea ardiesten badu ere, lur horren gozatzeko zilegitasunik ez du. Gure gazte eta haurrek ez dute aberats puxant horien tratu txarren beharrik. Hemengo laborantxako lur eta etxe bizitzek behar dute neurri onargarri batean egon".

Arbonako okupazioari buruz gehiago jakiteko, azken ARGIAko azala eraman duen Jenofa Berhokoirigoinen erreportajea: Lurrak laborarientzat izaten segi dezan.