Gipuzkoak duela bi urte hartu zuen bidetik abiatu dira Bizkaia eta Araba: akabo zerga aitorpen sekretuak aberatsenentzat.
Aste honetan iragarri zuen EAJk Bizkaian zerga aitorpen sekretuekin bukatzeko urratsak emango zituela eta “laster” jarriko da indarrean neurria El Paísen argitaratu denez.
Atzo berriz, Arabako Batzar Nagusietako alderdi guztiek bozkatu zuten horrelako salbuespen neurri fiskalak amaitzearen alde. PPk ere bat egin du azken unean erabakiarekin, astearen hasieran bestelako iritzia baldin bazeukan ere. PFEZa eta ondasunen gaineko zerga aitortzerako orduan errenta altuenak dauzkaten pertsonek gainontzekoen prozedura jarraitu beharko dute Araban ere. 2013an sekretupeko 116 aitorpen aurkeztu ziren herrialde horretan.
Arabako Batzar Nagusietan Bildu koalizioko bozeramaile lanak egiten dituen Gorka Ortiz de Guineak gogora ekarri du Ibarra afera –Bizkaiko zerga ikuskatzaileen nagusi ohiak jaso duen zigorra–. Kasu horren epaiketa saioetan lekuko gisa hitz egin zuen inspektoreetako batek “Ali Babaren koba” deitu zion zerga aitorpen sekretuak jasotzen zituen fitxategiari.