argia.eus
INPRIMATU
“L'Empire contre ATTAC” Parisen: Applek auzitegietan estali nahi ditu bere iruzurrak
  • Astelehenean zen, otsailaren 12an, epaiketaren eguna Parisko auzitegian: planetako multinazionalik erraldoienetakoa den Apple mugimendu altermundialisten ikurretakoa den ATTAC elkartea auzitegietan itotzen ahalegintzeko auzi saioa. Parisko goi epaitegiaren atarian militanteek “L’Empire contre ATTAC” antzeztu dute Stars War saileko film berri bat bailitzan, filmaren bigarren atalaren frantsesezko tituluaren hitzekin jolas eginez. Inperioa kontraerasoan datorrela, alegia… Europari zergatan 13.000 milioi ez pagatzeagatik.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2018ko otsailaren 13a

ATTACek lan handia egin du urteotan estatuek –herrialde txiroetakoek hasieran baina gero herrialde aberatsetako estatuek ere bai- beren gain hartu dituzten zor ez-legitimoak borrokatzen bezala multinazionalek ordaindu gabe uzten dituzten zerga pila handien iruzur fiskalak salatzen. Europako Batzordeak Apple multinazionalari eskatu zionetik paga ditzala ordaindu barik utzitako 13.000 milioi euroak, ATTACek kanpaina egiten du Appleren bulego nagusietan, okupazioak direla, manifestazioak, bulegoetako leihoak tindatzea…

Applek kontraerasora pasatzea erabaki zuen eta Parisko auzitegian salatu ATTAC, epaileei eskatu honen militanteen ekintzetatik babestu dezala. Zehazki, Applek auzitegiari eskatu dio ATTACi debekatzea ezein ekintza egitea bere kontra edo hori ez errespetatzekotan ezar diezaiola 150.000 euroko isuna ekintza bakoitzagatik.

 

Atzo egin zen auzi saioa Parisko auzitegian eta epaia otsailaren 23rako iragarri zuten.

Tim Cook Appleren buruzagi nagusia "Izarretako Gerra" filme saileko gaiztoen buru gisa beztetua: "Apple, zerga iruzurren inperioa" dio oinean.

Globalizazio neoliberalaren kritikoentzako Apple lehen mailako arerio bat da, mundu osoko  konpainien artean bera da burtsako kapitalizazio handiena duena baina bere etekin izugarrien %4,5 baizik ez du pagatzen zergatan, Europari dagokionez Irlandan eta Jersey uharte britainiarrean dauzkalako egoitzak. ATTACek erraldoi inperialaz plazaratutako azken dossierraren arabera, Applek 800 eurotan saltzen duen iPhone 8 bakoitzetik 288 doaz material eta osagaietara eta 7 euro baizik ez langileak pagatzera. Gainerakoa nagusiki akziodunen sakeletara doa, 47.000 milioi dolar banatu ditu dibidendotan 2012 eta 2016 artean. Asteleheneko antzerkiarekin ATTACek dei egiten zien ezkerreko mugimendu, alderdi eta taldeei Apple eta bere aliatuei aurre egiteko Aliantza Handia osatzera. Ekitaldiko hitzaldiei itxiera eman die Susan George ATTACeko fundatzaile eta globalizazioaren kritiko ezagunak.