argia.eus
INPRIMATU
Ane Irazabal: “Gure atxiloketen helburua errefuxiatuak zigortzea izan zen”
  • Mazedoniako poliziak Ane Irazabal kazetaria atxilotu zuen martxoaren 14an, errefuxiatuen krisiaren berri ematen ari zela, nazioarteko 72 kazetari eta ekintzailerekin batera. Gauerdian aske utzi zuten, baina sei hilabetez Mazedoniara sartzea debekatu diete.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko martxoaren 15
Ane Irazabal, artxiboko argazki batean (Dani Blanco / ARGIA)

Ane Irazabal kazetariak ezin izango du sei hilabetez Mazedoniatik errefuxiatuen berri eman, Mondraberrik egindako elkarrizketan aipatzen duenez. Mazedoniako Jugoslaviar Errepublika ohiko militarrek herrialdetik kanporatu zuten atzo, herrialdean “ilegalki” sartzea leporatuta. Ondorioz, berak eta atxilotutako beste kazetariek ezin izango dute datozen sei hilabeteetan herrialdean sartu.

Atzoko atxiloketen helburua “errefuxiatuak zigortzea” izan zen, kazetariaren ustetan. Hain zuzen, muga zeharkatu zuten ehunka errefuxiatu Idomeniko kanpalekura bueltatu ditu dagoeneko Mazedoniako poliziak.

700 errefuxiatu inguru Greziako Idomeni-ko kanpalekutik Mazedoniara abiatu ziren astelehen goizean. 12 orduko ibilaldiaren ostean, Mazedoniako mugan eraikitako hesia gainditu eta ibai bat gurutzatzen hasi ziren. Hiru errefuxiatuk bizitza galdu zuten igandean ibai hori gurutzatzen ari zirela, Irazabalek adierazi duenez. Muga zeharkatzea lortu zuten, baina polizia eta militarrak zain zituzten: “Errefuxiatuak eserarazi zituzten, eta kazetariak polizia-etxera eraman gintuzten”.

12 ordu pasa zituzten kazetariek polizia-etxean, bustita. Hala ere, tratua “ona” izan zela adierazi du arrasatear freelance-ak. Ilegalki sartu zirela aitortzen badu ere, Irazabalek egindakoa defendatzen du: "Legea eskuetan, ez da ilegala guri isun bat jartzea, baina errefuxiatuek aurrera egiten badute, gu aurrera goaz eurekin batera. Gure lana egiteagatik atxilotu gaituzte".