Kataluniako Biltzar Nazionalak aurkeztutako dokumentuan Junts Pel Sí eta CUPi azaroaren 27a baino lehen gobernagarritasun akordioa lotzea eskatzen die. Errepublika Katalanerako bidean inor ez dagoela soberan eta atxikimendu berriak lortu behar direla adierazi dute. Ezeztatu egin dute soilik CUPi egiten diotela presio.
Egin dezagun Kataluniako Errepublika dokumentua zapatuan onartu zuen ANCko idazkaritzak. Bertan, gobernu “sendo eta kohesionatu” bat bermatzeko itunaren oinarriak adostea eskatzen die, eta presidentearen izendapena posible denerako uztea. “Ezinbestekotzat” dute azaroaren 27a baino lehen akordioa lortzea, irailaren 27ko hauteskundeetan “herritarrek azaldutako nahiei erantzungo dien inbestidura eta legegintzaldia” posible egiteko. “Herritarren egoera sozial eta politikoak hala eskatzen duelako”, gaineratu dute.
ANCk konpromisoa eskatu du “hautestontziei erantzuteko”, koherentzia Parlamentuan egindako independentzia adierazpena “ameskeria” ez bilakatzeko eta ardura, “ohartzeko denak garela prozesuaren arrakastaren arduradun”. Biltzarrak gaineratu du oinarri soziala sendotzen eta zabaltzen ari direla “Estatuak apurtu nahi duen kohesioa” mantentzeko.
Jordi Sanchez ANCko presidenteak adierazi du CDC, ERC eta CUP orain arte “uste osoarekin” aritu direla eta hori “zilegi” dela, baina jarrera horrek ez duela prozesua desblokeatuko. Horren harira berretsi du domekan egingo duten mobilizazioaren helburua ez dela CUP presionatzea.
Sanchezen esanetan ez dute presionatzen ez Mas ezta CUP: “72 diputatuei zuzentzen gara, iaz egin genuen bezala azaroaren 9ko galdeketa aurrera ateratzeko”. Gaineratu du eztabaida ez dela ezta CDCren eta CUPen arteko kontua ere.
Biltzarrak aditzera eman du, ez duela hauteskundeak berriz egitea aurreikusten, horrek “72 diputatu independentisten gainbehera ekar lezakeelako”. Horren harira, Sanchezek azaldu du Biltzarra ez dela “desengainatuta” sentitzen, baina herritar asko ostera “noraezean” daudela aipatu du. Igandean deitu duten mobilizazioan, prozesuari hasiera eman zion adierazpena irakurri eta hitzaldi bat egingo dute “72 diputatuei erakusteko jendeak asko espero duela beraiengandik”.