argia.eus
INPRIMATU
Amiantoz kutsatutako arropak garbitzen zituen emakume baten heriotzagatik, lehen zigor-epaia Euskal Herrian
  • Bergarako auzitegiak Arcelor Mittal zigortu du hildakoaren seme-alabei 71.519 euro ordaintzera. Amiantoak eragindako heriotzen %11 gisa bereko kasuengatik izan ohi da.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2015eko urriaren 27a
'La Plaza de la música' amiantoari buruzko dokumentalean gai kantzerijenoaren fibrak neurtzen.

Amiantoaren kaltetuek daramaten borrokan epai garrantzitsua kaleratu du Bergarako laugarren instrukzio epaitegiak. Arcelor Mittal enpresa zigortu du, frogatutzat emanez amiantoak hil zuela arropak etxean garbitzen zituen langile baten emaztea, enpresak ez zuelako neurririk hartu.

Epaiketa joan den irailean izan zen eta enpresa saiatu zen bere erruduntasuna saihesten, esanez gertaera preskribituta zegoela, eta edozein kasutan Bergarako bere lantegiko labe garaietan ez zela amiantoa erabiltzen eta emakumeak ez zuela laneko arropa garbitu.

Baina epaileak atzera bota ditu horiek denak eta frogatutzat eman du Arcelor Mittalek amiantoarekin lan egin zuela eta ez zuela neurririk hartu legeak zioen bezala arropa lantegian garbitu zedin, eta ez etxean. 2011n hildako emakumearen minbizia amiantoarekin izandako kontaktuagatik baino ezin izan zela sortu ere dio epaileak eta enpresa zigortu du haren seme-alabei 71.519 euro ordaintzera.

Atea zabaltzen duen epaia

Kausa-efektu hori egiaztatzen duen jurisprudentzia badago jadanik, urtarrilean Espainiako Uralita enpresak lau emakume indemnizatu behar izan zituen arrazoi beragatik. Nolanahi ere, Euskal Herrian lehen aldia da halako kasu bat epaitegietan zigortzen dena, eta atea zabal dezake salaketa gehiago jar daitezen.

Hamarkadatan, amiantoarekin lan egiten zuten fabrika askotako langileek arropa zikinak etxera eraman eta euren emazteek garbitzen zituzten, asbesto edo amianto hautsa arnastuz. Pleurako minbiziaz edo mesoteliomaz gaixotutako emakumeok ukapen bikoitza izan dute orain artean: langile izatearena eta biktima izatearena.

Eusko Legebiltzarrean ekainean onartutako ponentzia baten arabera amiantoaren ondorioz hildakoen %11 langileen senideak dira. Ponentzia horrek proposatzen du amiantoaren biktimentzako konpentsazio funts bat osatzea, hauts hilgarria etxean arnastu zutenak edota ingurumeneko kutsadura jasandakoak ere kontuak hartuko lituzke.