Legea onartu eta ia hiru urte igaro direnean jarriko da martxan neurria. Espainiako Ministro Kontseiluak onartutako dekretuak dio biktima bakoitzak 32.000 eta 96.000 euro artean jasoko dituela kalte-ordain moduan.
Hamar urtetako borrokaren ostean, azkenean Hego Euskal Herriko amiantoaren biktimek kalte-ordaina jaso ahal izango dute Espainiako Estatuaren partetik, Ministroen Gobernuak asteartean onartu baitu, errege dekretu baten bidez, konpentsazio-funtsa aktibatzeko araudia.
Amiantoaren biktimak konpentsatzeko funtsaren legea 2022ko urrian onartu zuen Espainiako Kongresuak aho batez, Eusko Legebiltzarretik abiatutako ekimen bati esker. Baina lege hori garatzeko derrigorrezkoa den araudiak bi urte eta erdi itxaron behar izan ditu, eta atzerapen horrek biktimen elkarteen kritika zorrotza ekarri dio Pedro Sánchezen gobernuari behin baino gehiagotan.
Orain, behin araudia onartuta eta BOE Estatuko Aldizkari Ofizialean asteazkenean argitaratu den unetik hiru hilabetera, kalte-ordainak eskatzeko aukera izango dute biktimek.
Legea garatzeko derrigorrezkoa den araudiak bi urte eta erdi itxaron behar izan ditu, eta atzerapen horrek biktimen elkarteen kritika zorrotza ekarri dio Pedro Sánchezen gobernuari behin baino gehiagotan
Gobernuaren bozeramaile Pilar Alegriak kontseiluaren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, biktima bakoitzak 32.000 eta 96.000 euro artean jasoko du aldi bakarrean, patologiaren arabera. Amiantoak biriketako gaitz larriak eragiten ditu, asbesto toxikoari estuki lotuta daudenak, hala nola: asbestosia, laringeko eta biriketako minbizia eta mesotelioma.
Kalte-ordaina jaso ahal izateko biktimek hainbat baldintza bete beharko dituzte: laneko gaixotasunak eragindako ezintasunagatik pentsio bat onartua izatea, bere aldeko epai judizial irmoa emana egotea, edo dekretuak zehazten duen gaixotasun horietako bat jasatea unean. Gainera, biktimen eskubideak aitortuak dituzten senideek ere kalte-ordaina jaso ahal izango dute.
Gizarte Segurantzako ministro Elma Saizek esan du, erabaki horrekin "milaka biktimak jasandako kaltea erreparatzen" dutela, eta "justizia kontua" dela hori egitea.
"Itxura dauka ez dela denentzat iritsiko"
Euskal Herriko amiantoaren biktimen elkartea, Asviamie, dekretuaren "letra txikia" ikusi arte zuhur agertu da. El Diario Vasco egunkariari elkarte horretako kide Jon Garcíak azaldu dionez, gobernuak eskuak lotuta ditu 25 milioi euroko urteko aurrekontua duelako eta horrekin "itxura dauka ez zaiela biktima guztiei iritsiko".
Nolanahi ere, biktima bakoitzarentzat ezarritako kopuruek hobekuntzak izan dituzte eta hori pauso garrantzitsua dela aitortu du biktimen elkarteko kideak.
Asviamiek emandako datuen arabera, Euskal Herrian 25.000 lagun baino gehiagok egin dute lan iraganean amiantoarekin kontaktuan, eta horietatik herena "behar baino lehenago" hilko dira.