Carrefour, CAF, Crédit Agricole, BlackRock... Francesca Albanese Palestinar Lurraldeentzako NBEko errelatore bereziak enpresa sare handi bat egin du Israel burutzen ari den Gazako genozidioaren konplize, eta horien arduradunak eta goi karguak ikertzeko eskatu du.
Israel Gazan egiten ari den sarraskiak mundu mailan inplikazio politiko eta etiko ikaragarria ez ezik, interes ekonomiko handia du enpresa eta sektore askorentzat. Francesca Albanese Palestinar Lurraldeentzako NBEn errelatoreak astearte honetan argitaratu du Okupazioaren ekonomiatik, genozidioaren ekonomiara izeneko txostenaren aurrerapena, eta bertan hainbat sektoretako multinazionalak eta bankuak seinalatu ditu genozidio horren kolaboratzaile eta konplize gisa. Txostena ostegunean aurkeztuko du streaming bidez NBEko Giza Eskubideen Kontseiluan.
Albaneseren esanetan, konplizitate hori “icebergaren punta” baino ez da, eta ohartarazi du Israelek Palestinan ezarri duen apartheid sistemak eta egiten ari den sarraskiak parte hartze korporatibo “askoz sakonagoa” duela. Txostenean aipatzen diren multinazionalak, bankuak eta erakundeak “dauden guztiak dira [genozidioaren konplizeak], baina ez daude diren guztiak”, esan du.
Albaneseren esanetan, konplizitate hori “icebergaren punta” baino ez da, eta ohartarazi du Israelek Palestinan ezarri duen apartheid sistemak eta egiten ari den sarraskiak parte hartze korporatibo “askoz sakonagoa” duela
BlackRock, Vanguard eta Allianz inbertsio funtsak dira Israelen finantza sostengu nagusia Gaza eta Zisjordaniako bere kanpaina militarrentzako. Israelek 8.000 milioi dolarretako balioa zuten “gerra bonoak” kaleratu zituen 2024an Defentsarako aurrekontua bikoizteko, eta 36 herrialdetako 400 erakundek hartu zuten parte salmenta makabro horretan, tartean aipatu funts horiek, baina baita BNP Paribas, Barclays, Crédit Agricole eta beste finantza entitate batzuek ere.
Gainera, enpresa teknologikoen artean IBM, Microsoft, Amazon eta Google nabarmendu daitezke, beste batzuen artean. Txostenak dio enpresa horiek eskainitako zerbitzuen bidez palestinarren datu biometrikoak, populazioaren gaineko kontrola eta adimen artifiziala erabili dituela Israelek helburu militar eta diskriminatzaileak aurrera eramateko.
CAF, “funtsezko”
Eraikuntzaren sektorean, hondeamakinak ekoizten dituzten enpresa ugarik Gazako azpiegiturak eta labore lurrak deuseztatzen lagundu dute, hala nola Caterpillarrek, Hyundaik eta Volvok. Bestalde, “hainbat enpresak errepideak eta garraio publikoa garatzen lagundu dute, funtsezkoa kolonien ezarpenerako eta hedapenerako”, dio txostenak, eta horien artean Beasaingo CAF “Spanish/Basque” enpresa aipatzen du zehazki, Jerusalemdik Zisjordaniara egiten ari den trenaren bide.
Energiaren eta elikaduraren arloan ere Gazako sarraskian interes handiak dituzten enpresak atzeman ditu Albanesek: Israel ikatzez hornitzen duten Suitzako Glencore eta AEBetako Drummond multinazionalak, BP, Petrobras eta Chevron petrolio konpainiak, eta Tnuva, Netafim edo Mekorot israeldar elikadura eta ur kontsortzioak, batzuk aipatzearren.
“Hainbat enpresak errepideak eta garraio publikoa garatzen lagundu dute, funtsezkoa kolonien ezarpenerako eta hedapenerako”, dio txostenak, eta horien artean Beasaingo CAF 'Spanish/Basque' enpresa aipatzen du zehazki
Booking eta Airbnb alokairuentzako aplikazioek badute euren partea, “okupazioaren turismoa” sustatzeko garaian. Carrefour bezalako supermerkatu kateek edo Maersk ontzi-enpresak, bestalde, “zuzenean jarduten dute kolonietan, eta hango ekonomia sostengatzen dute, diskriminazio-zerbitzuen bidez kolonia horien hedapena erraztu eta apartheidean parte hartzen baitute”, dio txostenak.
Massachusetts Institute of Technology erakunde prestigiotsua eta Europar Batzordearen Horizon Europe programa ere jo-puntuan jarri ditu Albanesek, ikerkuntzaren bidez eta Israelgo unibertsitateekin egindako akordioen bidez lagundu baitute genozidioarekin zerikusia duten hainbat proiektutan, tartean Gazan hain erabiliak izan diren droneak hobeto kontrolatzeko.
Arduradunak, indemnizazioak... eta mafia
NBEen errelatorea oso zorrotz agertu da bere txostenean multinazional, enpresa eta banku horiekin guztiekin, eta haien arduradunak eta goi karguak ikertu eta pertsegitu beharko liratekeela uste du, zuzenean ari direlako kolaboratzen Israel Gazan egiten ari den genozidioarekin eta “nazioarteko zuzenbidearen urraketekin”.
Albanesek ondorioztatu du genozidioak “irabazi handiak” utzi dituela askorentzat eta estatuei eskatu die hautsi ditzatela Israelekin dituzten inbertsio harremanak. Enpresei, bere aldetik, palestinarrak indemnizatzeko eskatu die.
Albanesek ondorioztatu du genozidioa “lukratiboa” dela askorentzat eta estatuei eskatu die hautsi ditzatela Israelekin dituzten inbertsio harremanak. Enpresei, bere aldetik, palestinarrak indemnizatzeko eskatu die
“Seguru sentitzen al gara multinazionalen interes ekonomikoek herritarren interesek baino pisu handiagoa duten mundu batean? Ni ez”, hala esan zuen Albanesek duela gutxi Publico TVrekin egindako elkarrizketan. “Gero eta gehiago ari naiz ikusten ideologia eta metodo mafioso bat: konexio bat dago gai politikoen eta gai ekonomikoen artean, eta ni natorren tokian [Italiako hegoaldekoa da] horrek mafia izena du”.