argia.eus
INPRIMATU
AHTren lanak hiru hilabetez atzeratuko dira, tunel luzeena behera erori ondoren
  • AHTren tunel luzeena, Zumarragako barrunbeetatik igarotzen dena, behera erori zen maiatzaren 28an. Garak argitaratu duenez, iraila arte hondakinak ateratzen ibiliko dira.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2014ko uztailaren 02a
Zumarragako tunelak 5.660 metro ditu (arg.: Otamotz)

Luizia ustekabean jazo zen Zumarragako Euskal Herria etorbidearen biribilgune parean, 100 metroko sakoneran, 27 metro luzeko falka bat sortu zen eta 700 metro kubo lur behera erori zen. Garak paperezko edizioan publikatu duenez, Euskal Trenbide Sareak (ETS) Zumarragako udalari jakinarazi dio lur hori guztia ateratzen gutxienez iraila arte ariko direla.

ETSren esanetan ohikoa da obretan halako falkak sortzea eta lurrazalean ez da arriskurik sortu. Etxebizitzak eta kirol instalazioak daude luizia gertatu den tokiaren gainaldean.

Zumarragako supertunelak 5.660 metro izango ditu, AHTren luzeena da, eta bi tuboz osaturik egongo da. Hasierako proiektuak 600 metro gutxiago zituen, baina Eusko Jaurlaritzak tunela luzatu zuen, trenbidea lurpean ezkutatuta “eragin” txikiagoa izango duela iritzita.

Irregulartasun susmoak

Tunela Antzuola-Ezkio-Itsaso zatiaren barnean dago, zati horrek guztira 250 milioi euroko aurrekontua du, kilometroko 36 milioi. Baina kopuruak gora egin dezake, AHTren Gipuzkoako obrak aurreikusi baino 247 milioi euro garestiago baitira jadanik.

Zumarragako barrunbeak zulatzeko, tarte horretako proiektua bi zatitan banatu zuen ETSk, eta kontratazio bana egin. Horietako zati bat geldirik dago momentu honetan, tarte horretan zuloa egiten ari diren enpresek diru gehiago eskatu diotelako ETSri.

LABek susmoa du Eusko Jaurlaritzak irregulartasunak egin dituela auzi honetan. Sindikatuak Lan Ikuskaritzan salatu duenez, ETSk beste zatia egiten ari den-enpresa multzoari agindu dio segi dezala zuloa egiten berari ez dagokion tartean.