argia.eus
INPRIMATU
Agur esan du Hatortxu Rockek, baina segida izango du abenduan: Aske jaialdia
  • Lau egunez Lakuntza milaka lagunez bete du Hatortxu Rockek. Aurtengo edizioak presoen aldeko jaialdiaren bideari amaiera eman dio. Hala ere, abenduak 27rako jaialdi berria iragarri dute: Aske.

Jon Fernández González 2025eko uztailaren 28a
Hatortxu Rockeko amaierako ekitaldia. Hatortxu Rock

26 urte eta 30 jaialdi eta gero, Hatortxu Rocken elkartu dira milaka lagun jaialdiari agurra emateko, Beriain mendiaren magalean, Lakuntzan (Nafarroa). Hatortxu Rockeko kide Ohian Ekizak ARGIAri azaltzen zion moduan, aldarriak, gazteak preso eta iheslarien egoerara "gerturatzea" zuen helburu, askok ez baitituzte dispertsioaren ondorioak gertutik bizi. Horrela, aurtengo jaialdirako 22 eragilek sinatutako manifestuan honako aldarria egin dute: "Euskal Herriak bizi izan duen gatazka politikoaren ondorioak gainditzeko garaia da. Luzeegi gertatzen ari da jada konponbiderako bidea. Euskal preso politiko, iheslari eta deportatu guztiak etxean behar ditugu".

26 urte ditu Hatortxuk, hain zuzen Eztizen Artola idazle eta haur motxiladun ohiak bezainbeste. Dispertsioaren biktima izan denez berak hartu du hitza ekitaldian. Harrera Elkarteko Aduna Mendizabalek ere hartu du hitza, eta garaiak aldatu direla esan du, baina gero eta espetxeratu eta erbesteratu gutxiago egon arren, preso eta iheslari ohien premiak gogorarazi ditu Mendizabalek. Laguntza eskaintzearen garrantzia nabarmendu du, "etxeratze prozesua xamurragoa gerta dakien". 

Hatortxu Rockeko jaialdia Hatortxu Rock

Hatortxu hiltzeko jaio zen; orain, Aske jaio da

Dispertsioaren erruz hildako hainbat lagunen izenak gogoratzeko tartea hartu zuten ekitaldian, eta urteetan zehar Hatortxu antolatzea posible egin duten guztiei eskerrak eman dizkiete, baita urteetan zehar egondako 30.000 boluntarioei ere. Jaialdia, "hiltzeko jaio zela eta inoiz ez dela helburua izan, tresna baizik" adierazi dute.

Hatortxu Rocken bidea amaitu da, baina abenduaren 27ko hitzorduarekin bide berriari emango diote hasiera, Aske izeneko musika jaialdiarekin askatasunaren alde lanean jarraituko dutela adierazi dute: "Herri honen askatasuna eskuz esku, txandaz txanda saretu eta indartzen den herri honen indarrak egingo duelako posible. Aske izateko jaio garenak aske izan gaitezen".