Karen Daniela Ágredok dioenez, zortzi bat ordu eman zituen ziegako zoruan etzanda Ertzaintzak ospitalera eraman aurretik. Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak berak eskatu du Eusko Legebiltzarrean agerraldia egitea.
ETBk ostegunean argitara emandako elkarrizketan adierazi zuenez, Ertzaintzak atxilo zeramala bere bikotekideak ez zuela "ezer txarrik" egin oihukatzen ari zen, eta bi agente "bere gainera etorri" eta kolpeka hasi zitzaizkion. Urtebetze bat ospatzen ari ziren Donostiako Manterola kaleko diskoteka batean, eta atarian gertatu zen dena:
"Etxera gindoazenean, nire bikotekidea diskoteka kanpoan mutil batekin eztabaidan hasi zen. Une horretan ertzainak pasatu ziren eta nire senarrari eskuburdinak jarri zizkioten. Berak ez zuela ezer egin oihukatzean, borra batekin jo ninduten eta eskuburdinak jarri zizkidaten. Haietako batek mugikorra kendu zidan eta lurrera bota ninduen. Une horretan konortea galdu nuen".
Ziegara eraman zuten ondoren, eta bertan zortzi ordu igaro zituen lurrean, esnatu ondoren bertan zegoen polizia batek jakinarazi zioenez. Pixa gainean egin ondoren eta ezkerreko oina mugitu ezin zuela eraman zuten Donostiako ospitalera, ordura arte ez baitzuen osasun arretarik jaso, eta berehala ZIUn sartu zuten. Ágredoren arabera, medikuak esan zion iktusa izan zuela eta buruko isuria ezkerraldean.
Premiazko agerraldia egingo du asteazkenean Zupiriak
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak asteazkenean egingo du premiazko agerraldia, Gasteizko Eusko Legebiltzarrean. Zupiriak ostegunean iragarri zuen oraingoz ez dutela neurririk hartuko kasuarekin lotuta. Manterola kaleko gertakariaren inguruko hiru ikerketa abiatu dituztela iragarri zuen: Ertzaintzarena, polizia jardueren Kontrol eta Gardentasun Batzordearena eta emakumearen familiak Donostiako Udaltzaingoen aurrean jarritako salaketarena.