argia.eus
INPRIMATU
Afroamerikarrek arnasa hartzeko eskubidea aldarrikatzen dute Malcolm X hil eta 50 urtera
  • Arrazismoaren aurkako manifestazioa egin zuten New Yorken Malcolm X aktibista afroamerikarraren omenaldi egunaren harira. Manifestariek beraien aldarriak oihukatuz igaro zituzten hiriko hainbat kale eta besteak beste, I can’t breathe kantua entzun ahal izan zen. Abesti hau poliziaren eskuetan hil zen Eric Garner gaztearen azken hitzetan oinarritzen da.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko otsailaren 04a
Ehunka manifestari elkartu ziren Malcol X-en omenaldi egunean. (Argazkia: librered.net).

Hiriko Harlem auzotik abiatu ziren manifestariak eta arrazaren araberako diskriminazioa gaitzetsi zuten.

Azken hilabeteetan areagotzen ari dira arrazakeriaren aurkako protestak AEBetan eta horretarako arrazoiak ematen ditu Washingtongo Pew Ikerketa Zentroak abenduan eginiko ikerketa batek. Bertan azaltzen dutenez, afroamerikarren erdiak baino gehiagok espero dute 2015ean poliziaren eta herritar afroamerikarren arteko erlazioa okertzea.

Mugimendu hauek nola hasi diren ulertzeko aipagarria da honako hau: bi epaimahai herritarrek polizien aurkako auzirik ez irekitzea erabaki zuten udan, bi afroamerikar hiltzea leporatzen zieten arren. Michael Brown tiroz hil zuen poliziak 2014eko abuztuan eta Eric Garner uztailean hil zuten.

Azken hitzek sortutako kantua

Poliziaren eskuetan itota hil zen Eric Garner gazte afroamerikarra. Zigarro solteak saltzen ari zelakoan, Garner immobilizatzen saiatu zen polizia eta saiakera horretan arnasa hartu ezinda utzi zuten gaztea. Eric Garner asmatikoa zen eta poliziek gogor estutzen zuten bitartean “i can't breathe” oihukatzen zuen, “ezin dut arnastu”. Momentu hau grabatu eta bideoa ikusgai jarri zuten sarean.

Azken hitz horiek dira Eric Garnerren heriotza oroituz sortu zuten kantuaren izenburua. I cant breathe abestia ohikoa bihurtu da arrazakeriaren aurkako mugimenduetan eta orain arteko aldarriekin batera, etengabe entzuten da manifestazioetan.