argia.eus
INPRIMATU
AEBtako 1.800 hiritara zabalduko dituzte Trumpen kontrako protestak larunbatean
  • Dagoeneko 30 hiri inguru batu dira politika migratorioen eta militarizazioaren aurkako protestetara eta larunbaterako 1.800 hiritan dituzte protestak deituta. Los Angelesen egin bezala, hiri horiek ere militarizatzeko xedea aipatu du Trumpek. Guardia Nazionala hedatu dute Texasen ere, baina Kalifornian ez bezala, Texasen Greg Abbot gobernadore errepublikanoak du agindua eman.

Jon Fernández González 2025eko ekainaren 13a
Trumpen kontrako manifestazio batean, Polizia joka. Pre/Sipa

Los Angeles erdiguneko etxeratze agindua dela medio, Trumpen immigrazio politikaren kontrako protestetan istilu gutiago izan dira ekainaren 11 gau honetan. Baina, erantzun errepresiboa egonda ere, manifestazioekin jarraitzen dute eta ehundaka batu dira Los Angeleseko kaleetan.Bertatik AEBetako beste hirietara zabaldu da Trumpen politikaren kontrako mugimendua: Washingtoneko Seattle eta Spokane, Nevadako Las Vegas, Massachusettseko Boston, New York, Indianako Indianapolis... Trumpek armada bidaltzeko mehatxua egin die baina horrek ez ditu izutu manifestariak. Larunbaterako 1.800 hiri eta herritan dituzte manifestazioak finkaturik, Trumpen kontrako No kings [Erregerik ez] mugimenduari juntatuta.

Trump Etxe Zurira heldu denetik, nabarmen areagotu dira AEBetako Immigrazioko eta Aduanetako Poliziak etorkinen aurka eginiko sarekadak. Egoera horren salatzeko abiatu zituzten protestak Los Angelesen ekainaren 6an. Geroztik, errepresioa gogortu du Trumpek, Guardia Nazionaleko 2.000 soldatu bideratuta bertara ekainaren 7an eta beste 2.000 soldadu eta 700 marine astelehen honetan. Gavin Newsomen Californiako Gobernadorearen iritziaren gainetik pasa da AEBetako burua, eta gogor hitz egin du Newsomenek: "Ez lirateke AEBetako lurretara deituak izan behar beren herrikideen aurka aritzeko, eta hori presidente diktatorial baten fantasia eroa gauzatzeko. Jarrera antiamerikarra da".

Kalifornian ez bezala, Texasen Greg Abbot gobernadore errepublikanoak eman du Guardia Nazionala hedatzeko agindua. "Protesta baketsuak legalak dira; pertsonei edo jabetzei kalte egitea, berriz, ilegala da, eta atxilotzeko arrazoia", erranda azaldu  Abbotek Guardia Nazionalari dei egin izana, behituta "tresna eta estrategia guztiak" erabiliko dituztela "bakea eta ordena bermatzeko".

Beste aldetik, larunbatean egingo dute ere desfile militarra Washingteko kaleetan, armadaren 250 urteak –baita Trumpen 79 urteak– ospatzeko. "Espantuka ariko gara pixka bat", jakitera eman du Trumpek, 45 milioi euroko kostua duen desfila aurkezterakoan. Porotestak izanez gero, "indar handiz aurre egingo" diela argi utzi du AEBetako presidenteak.