argia.eus
INPRIMATU
AEBek bultzatutako itun transnazionalaren arriskuez ohartarazi du WikiLeaksek
  • WikiLeaks webguneko zuzendari Julian Assangek jakinarazi du epe laburrean ezagutuko dela AEBen TPP akordio transnazionala. Eta dauzkan arriskuez ohartarazi du.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko azaroaren 15a
Obama AEBetako presidentea Trans-Pacific Partnershipeko biltzar batean azalpenak ematen

Rebelion.org atariak Calle 13 taldeko abeslari René Pérezek Assangeri eginiko elkarrizketaren berri eman du. Assangek dio AEBetako administrazioak Ozeano Bareaz Gaindiko Akordioa (ingelesez Trans-Pacific Partnership, TPP ) bultzatu nahi duela.

Jabetza intelektualarekin zerikusia duen itun hori “historiako akordio ekonomiko handiena” da Assangek dioenez, Munduko BPGaren %40a ordezkatzen duten herrialdeak bilduko lituzkeelako.

“Akordioa aurrera aterako balitz jabetza intelektualaren erregimenak norbanakoaren eskubideak eta adierazpen askatasuna zapalduko lituzke, hala nola, ondasun intelektual eta sormen ondasunak ere. Irakurri, idatzi, argitaratu, pentsatu, entzun, dantzatu, abestu edo asmatzen baduzu; lurra landu edo elikagaiak kontsumitzen badituzu; orain edo etorkizunean gaixotzen bazara, TPP akordioak jomugan izanen zaitu”, azpimarratu du Assangek.

Abuztuaren 26a eta 30ean Brunei sultanerrian egindako batzarraren ondotik lortu du WikiLeaksek bertan parte hartu zuten herrialdeek tratatuaren inguruan hartu duten jarrera biltzen duen dokumentua.