argia.eus
INPRIMATU
Adunako Unipapelen produkzioa bertan gelditzeko protestan ari ziren langileei oldartu zaie Ertzaintza
  • Istiluak izan ziren atzo Adunako Unipapel fabrikaren aurrean. Enpresaren produkzioa Tolosako plantatik ateratzea eragotzi nahi zuten langileek eta Ertzaintza oldartu zitzaien.

ARGIA @argia 2014ko otsailaren 04a
Ertzaintza Unipapeleko langileei oldartzen (argazkia: Tolosaldeko Ataria).

Erresistentzia baketsuaren bidez Unipapeletik ateratzekoak ziren hiru kamioiren irteera eragozten saiatu dira langileak eta Ertzaintzako agenteek banaka banaka eraman dituzte, "bortizki" Tolosaldeko Ataria webguneak gertakarien lekutik jaso duenez.

Hedabide horren bideo honetan ikusten da polizia autonomikoaren eta langileen arteko tentsio unea:

Urtarrilaren 20tik greban

Atzo 10:00etan iritsi ziren kamioiak Unipapelera. Hamar pertsona zeuden bertan, urtarrilaren 20an greba hasi zutenetik egun osoko txandak egin baitituzte.

Kamioiek produkzioa enpresatik eramateko arriskua zegoela ikusirik, langile guztiak deitu zituzten. Unipapelekoez gain, Antalis, SAM eta Endaki enpresetako langileek ere elkartasunez bat egin zuten.

Azken negoziazio saiakera

Fabrikaren parean langileak pilatzen ari ziren une berean, ELA eta LAB sindikatuetako kideak eta enpresako ordezkariak biltzekoak ziren Donostian azken negoziazio saiakera baterako. 12:00etan zuten hitzordua, baina kamioien etorreraren albistea jaso ostean, negoziaketa "haustea" erabaki dute langileek, Tolosaldeko Atariaren arabera. "Baldintza hauetan ezin dugula negoziatu" argudiatu dute webgunean irakur daitekeenez.

Negozioa inbertsio funts baten esku

Urtarrilean jakin zen inbertsio funts suitzar batek erosi zuela Adunako Unipapel fabrika. Berria argitara eman zenean iturri sindikalek kezka agertu zuten erosketak langileei ekar ziezaiekeen kalteagatik.

Azkenaldian mota horretako inbertsio taldeak Euskal Herriko enpresa askoren kapitaletan ari dira sartzen.