argia.eus
INPRIMATU
Marotok atzeratu egin du Gasteizko geltokiari Suarezen izena jartzeko dekretua
  • Gasteizko autobus geltokia berriari Adolfo Suarez izena jartzeko dekretua behin behinean atzeratu egin du Arabako hiriburuko alkate Javier Marotok (PP).

Ane Lusarreta 2014ko apirilaren 02a
Gasteizen eraikitzen ari diren autobus geltoki berria. (Arg: Vitoria Gasteiz blog)

Asteazkenean sinatu nahi zuen Marotok geltokiari izena ezartzeko dekretua, baina oposizioko alderdiekin kontsentsua bilatu nahi duela adierazi du, eta erabakia hartu aurretik herritarren iritziari jaramon egin nahi diola.

Hala ere, Gasteizko alkateak gogorarazi du kale eta eraikinei izena jartzeko konpetentzia alkatetzari dagokiola, eta Adolfo Suarez izendapena egiteko nahiak bere horretan jarraitzen duela.

Iritzi-kidetasuna eta adostasuna oso garrantzitsuak direla esan du Marotok, baina “demokraziaren balioa” horren guztiaren gainetik dagoela. Suarez Espainiako Trantsizioa irudikatzen duen pertsonaia izanik errekonozimendua merezi duela esan du Gasteizko alkateak.

Autobus geltoki berria Lakuako Euskaltzaindia parkean ari dira eraikitzen. Azken egunotan herritarrek milaka sinadura bildu dituzte geltokiaren izena “martxoak 3”  izan dadin, 1976an poliziak, Suarez behin behineko buru zuela, hil zituen langileen omenez. Martxoaren 3ko biktimen elkarteak probokaziotzat jo zuen alkateak geltokiari Espainiako presidente ohiaren izena jarri nahi izatea.