argia.eus
INPRIMATU
Abortu klandestino baten ondorioz hil da emakume bat Argentinan
  • Argentinako Senatuak abortua despenalizatzeko legea atzera bota zuenetik, klandestinoki burututako abortu bidez eman den lehenengo heriotza da.

ARGIA @argia 2018ko abuztuaren 20a

Era klandestinoan haurdunaldia eteteko saiakerak eragindako infekzio baten ondorioz hil da asteartean Buenos Aireseko 24 urteko emakumea. Telesur telebista kateak jakinarazi duenez, emakumea perrexil zurtoin batekin abortatzen ahalegindu zen, baina saiakerak eragindako shock septiko eta infekzioa tarteko, ospitaleratu egin behar izan zuten. Emakumearen osasun egoera larria zen, eta hil egin da.

Abuztuaren 8an erabaki zuen Argentinako Senatuak abortua despenalizatzeko legea atzera bota eta 1921etik indarrean dirauen legea mantentzea. 38 senatari agertu ziren despenalizazioaren kontra, eta 31 alde. Erabaki hori hartu eta egun gutxira eman da abortatzeko eskubide ezak eragindako lehen heriotza.