argia.eus
INPRIMATU
Abian da Tutera eta Hendaia lotu nahi dituen Palestinaren aldeko martxa
  • Palestinak pairatzen duen genozidioa salatzeaz gain, sionismoaren "konplizeak" seinalatzea ere du helburu Ibaitik itsasora deitu martxak. Palestinarekin elkartasunean aritzen diren hainbat eragilek elkarlanean antolaturiko ekimena irailaren 20an bururatuko da Hendaian. Bigarren eguna dute gaurkoa, Castejondik Azkoienera doana.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2025eko irailaren 11
Irailaren 10ean abiatu eta 20an helduko da Hendaiara. Martxaren hasierako unea, argazkian. AhotsaInfo

Elkartasun sareak ehunduz, konplizitateak azaleratuz lelopean, bigarren eguna dute gaurkoa, eta Castejondik Azkoienera arte dabiltza oinez. Palestinako banderak nagusi, sionismoaren kontrako eta Palestinaren askatasunaren aldeko leloak plazaratuz dabiltza Nafarroa hegoaldeko bideetan.

300 bat lagun batu dira asteazken honetan Tuteran, Ibaitik itsasora deitu martxaren abiatzearen kari. Hamar egunez, orotara 180 kilometro zeharkatuko dituzte, Tuterako Ebroren hegietatik Hendaiako itsasoraino. Bi helbururekin dabiltza oinez: Palestinari "elkartasuna adieraztea" eta sionismoak Euskal Herrian dituen "konplizeak" seinalatzea. Martxaren buruan, "itzulerarako eskubidearen giltza" daramate lekuko gisa, eta zintzilik zakutxo bat, bi olerki eta palestinar banderez atondutako paperezko itsasontzi txiki batzuz osatuta. 

Bardeako Komunitatearen egoitzaren aitzinetik abiatu ziren irailaren 10ean, hain justu, Bardeako tiro-poligonoan frogatzen diren armak baliatuak direlako Gazako genozidioan. Antolatzaileen erranetan, azken urteetan 900 tona material militar esportatu ditu poligonoa kudeatzen duen Zaragozako base militarrak. Ondoko galdera luzatu dute antolatzaileek: "Bardean probatu diren armetatik zenbat dira hildako 60.000 pertsonen oinarrian, horietatik 18.000 haurrak izanda, eta zenbat dira 150.000 palestinar baino gehiagori zauriak eragin dizkietenen artean?".

Tuterako Udalak Palestinarekiko elkartasun ekimenei ezartzen dizkien trabak ere salatu dituzte. Azaldu dutenez, herriaren  erdiguneko kale nagusietatik nahi zuten pasarazi manifestazioa, baina udalak ez die baimenik eman.

Castejongo herrian burutu dute lehen etapa, zehazki, CAF enpresaren filiala den Trenasa enpresaren aitzinean. Antolatzaileek argi utzi dutenez, CAF ere genozidio horren konplize dela: 2019az geroztik dabil JLR Jerusalemgo tranbiaren proiektua aitzina eramaten, Shapir enpresa israeldarrarekin bazkidetuta eta 1.800 milioi euroko kontratu batekin. Trenasa lantegira heltzean, enpresa batzordeko ordezkaritza batek Genozidioa gelditu dezagun lelodun pankarta zeraman, eta txalo artean hartu dute martxan parte hartzen ari zirenek. 15.00etako txanda bukatu ondoren bat egin dute hainbat langilek batzordearen elkarretaratzearekin. Jarraian Euskalerria Irratiak osaturiko bideotxoa:

Ostiral honetan Tafallara helduko da eta asteburuan Iruñerriako lurretan barneratuko da martxa. Bertan ere, sionismoarekin hartu emanak dituzten hainbat enpresa seinalatuko dituzte: MTorrres taldea, CAF taldeko Orbital, Zara jantzigintza multinazionala edota Teva enpresa farmazeutiko israeldarra. Zehazkiago, horiek dira ondoko etapak: irailaren 12an Azkoien-Tafalla (26 km), irailaren 13an Tafalla-Soltxaga (Baldorba) (14 km), irailaren 14an M. Torres (Elortz)- Noain-Iruñea-Antsoain (20 km), irailaren 15ean Antsoain-Larraintzar (19 km), irailaren 16an Eltzaburu-Doneztebe (26,9 km), irailaren 17an Doneztebe-Elizondo (14 km), irailaren 18an Doneztebe-Bera, irailaren 19an Bera-Irun (20 km) eta irailaren 20an Irun-Hendaia (5 km).

Helmuga Hendaian

Irailaren 20an helduko da martxa Lapurdira eta egun osoko egitaraua dute landuta: 09:30 ongi etorria martxari eta jarraian manifestazioa hirian barna. Carrefour supermerkatua izanen dute jomugan, Israelekin dituen harremanak salatzeko gisan. Arratsaldean, berriz, poesia, bertsoak zein kontzertuak, festa giroan emanen diote bukaera martxari. Hemen egitaraua: