Kontzentrazioa eta prentsaurrekoa egin ditu mugimendu feministak asteazkenean, Durangoko Auzitegi aurrean. Hilaren 17an Paul Abasolok salaketa jarri zuen Durangoko Plataforma Feministako kide baten aurka. Prentsaurrekoan prozesu judiziala eteteko eskatu dute, Abasolo “emakumeentzako mehatxua” dela salatzearekin batera.
Durangoko feministen esanetan, akusazioa “funtsik gabekoa” da. Abasolok bere aurkako pankartak jartzeagatik salatu zuen mugimendu feministako kidea. Alabaina, epaitegian aitortu zuen halakorik ez zuela bertatik bertara ikusi. Akusazioari eusteko mugimendu feministaren aldetik “jazartua” izan dela azpimarratu zuen.
Salaketa hau erasotzat hartu dutela adierazi du talde feministak. “Honekin ez du soilik kide konkretu bat interpelatzen; gu guztion aurkako erasoa da”. Gaineratu dutenez, akusazioaren jomuga “mugimendu feminista kriminzalizatzea” da.
Kidearekiko eta, oro har, talde osoarekiko babesa erakusteko sinadura bilketa abiatu dute. “Prozesu administratiboa etetea eta mugimendu feminista eta bere kideak babestea bilatzen dugu ekimen honekin. Emakumeak mehatxurik gabe, libre, nahi ditugu”.
Espetxealdia indultu bati esker saihestu zuen Abasolok
Bizkaiko Auzitegi Probintzialak hiru urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion Abasolori, hainbat delitu sexista egiteagatik –tartean bortxaketa bat–. Haatik, Espainiako gobernuak indultu partziala eskaini zion, zigorra bi urtera jaitsiz. Horrela, espetxeratzea saihestu zuen. 95eko Zigor Kodearekin sexu erasoengatik zigortutako guztien artean, Abasolo da indultua lortu duen bakarra.