Milaka lagunek sinatu dute dagoeneko Gasteizko autobus geltokiari Adolfo Suarezen izena jarri beharrean “martxoak 3” deitu dadin, 1976an poliziak egindako sarraskiaren biktimen omenez.
Modu espontaneoan hasi ziren sinadurak biltzen Change.org plataformaren bitartez eta herritarren erantzuna berehalakoa izan da.
Javier Maroto Gasteizko alkateak gai honetan “kontsentsua” bilatuko duela adierazi du herritarren artean geltoki berriari Adolfo Suarez jartzeak eragin duen ezinegonaren aurrean. Dena den, momentuz ez ditu hasierako planak aldatu.
Martxoaren 3ko biktimen elkarteak probokaziotzat jo zuen estazioari Espainiako presidente ohiaren izena jartzea eta Suarezek langileen hilketan izan zuen erantzukizun politikoa gogora ekarri zuen.
Geltokia udazkenera arte ez da irekiko
Izenaren inguruko polemikaren erdian, Gasteizko alkateak iragarri du geltoki berria ez dela martxan egongo udazkenera arte. Oposizioak eskatu dio argitu dezala zein izango den geltokiaren kudeaketa eredua.