Greba eguna da gaurkoa Ipar Euskal Herrian zein Frantziako Estatuan. "Dena blokeatzeko" mobilizazioaren kari, 50 bat lagunek ekintza bideratu dute Miarritzen, Hotel du Palais luxuzko hotelaren atarian. Bi lagun atxilotu ditu Poliziak.
"Itxaropena, justizia soziala eta justizia fiskala ekarriko dituen besteko aurrekontu baten alde" mobilizatzeko deia luzaturik zuten ostegun honetako sindikatuek, eta antolatzaileen arabera, 5.000 lagun batu dira Baionako manifestazioan. UNSA, CFDT, CGT, FO, CGC, CFTC, Solidaires eta FSU sindikatuak, baita Ipar Euskal Herri mailako LAB eta ELBk ere dira deitzaileen artean.
Frantziako Gobernuaren aurrekontuko murrizketen "bortizkeria" salatzen dute sindikatuek. Ondokoa irakurri daiteke intersindikalaren grebarako deialdian: "Bi jaiegun kentzea, zerbitzu publikoetan murrizketak egitea, lan-zuzenbidearen ahultzea, langabezia-aseguruaren enegarren erreforma, gizarte-prestazioak eta funtzionarioen soldatak kontratupeko langile gisa izoztea, erretiro-pentsioak desaktibatzea, mediku-frankiziak bikoiztea, opor ordainduen bosgarren astea zalantzan jartzea... Neurri basatiak bezain bidegabeak dira guztiak".
Sindikatuek deitu arren, irailaren 10ean abiaturiko Dena blokeatzeko mobilizazioaren jarraipen gisa ere ikusi daiteke gaurkoa.
Ekintza burutu dute goizean goiz 50 bat herritarrek Miarritzeko Hotel du Palais luxusko hotelaren atarian. Hotelerako sarrera blokeatu dute, laburzki bada ere, hain justu, hamar bat minuturen buruan parean zituztelako poliziak. Bi lagun atxilotu dituztela jakitera eman du bertan egon den Leire Casamajou BERRIAko kazetariak.
Anonimoki bada ere, dirudunen guneak jomugan hartzeko deia zabaldua zuen azken egunetan herritarren mugimenduak. Irailaren 10ean, milaka lagunek bat egin zuten dena blokeatzeko deiarekin.
Miarritzeko ekintzaren argazkia, Leire Casamajou kazetariaren eskutik: