argia.eus
INPRIMATU
“28ak libre izatea da aukera bakarra”
  • Abenduaren amaieran bukatu zen 28 gazteen aurkako epaiketa eta otsailaren bukaeran edo martxoaren hasieran sententzia ezagutzea espero dute auzipetuek. Fiskalak horietako hamabi kideren aurkako akusazioak erretiratu zituen, baina gainontzeko hamaseiei “Segiko militantzia aktiboa” leporatzen die. Horietako bat da Bergoi Madernaz gasteiztarra.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko otsailaren 26a
Bergoi Madernaz artxiboko irudi batean, Izpuran itxialdia egin zutenean.

Fiskaltzak seina urteko espetxe zigorra eskatu zuen epaiketan. Zein inpresiorekin atera zineten azken saiotik?

Gustu gazi-gozoarekin geratu ginen eta emozioen saltsa ikaragarria izan zen. Azkenean, fiskalak gutako hamabiren aurkako akusazioak kendu zituen eta asko poztu ginen gutako kide batzuk kasutik kanpo geratu zirelako. Hala ere, ez dakigu zein irizpiderekin hartu zuen erabaki hau, ez dago irizpide markaturik horretarako.

Beste hamaseik, ordea, akusazio berberekin jarraitzen duzue.

Guri balio digun epai bakarra da 28ak libre izatea, hori da buruan daukagun egoera posible bakarra. Espainiako Auzitegi Nazionalaren eta Espainiako Estatuaren esku dago erabakia, baina ez dauka inolako logikarik epaiketa politikoekin jarraitzeak. 28ak libre izatea da aukera bakarra.

Fiskalaren akusazioaren oinarria inkomunikazio egoeran egindako deklarazioak dira.

Hamasei horietatik bik behintzat ez daukagu inolako deklarazio polizial edo judizialik. Orduan, froga bakartzat hartzen dutena ez daukate gutako batzuekin. Argi dagoena da torturapeko deklarazioen bidez frogak atera nahi izan dituztela, baliozko frogak ez direla jakina denean gainera.

Aztertu duzue kontrako epaiaren egoera hipotetikoa?

Egotekotan, Auzitegi Gorenean errekurtsoa jartzea geratuko litzateke. Hala ere, behar-beharrezkoa da jendea aktibatzea. Protokoloak martxan jartzen ari dira auzipetuak dauden herrietan. Gainerakoan, kondenak egonez gero, mobilizazioak egongo lirateke herrietan eta manifestazio nazional batera deituko genuke Euskal Herriak zigorrak ez dituela onartuko esateko.

Epaiketa eta epai gehiago ere aurreikusten dira epe laburrean.

Gurea ez da Euskal Herrian daukagun epaiketa politiko bakarra. Orain datoz Segurako operazioan atxilotutakoen aurkako epaiketa, Askapenaren kontrakoa eta oihartzun mediatiko txikiago izan duten beste kasu batzuena ere bai. Jendearen aktibazioarekin horiek guztiak etetea lortuko dugu. Elkartasunetik konpromisora salto egitea geratzen da.