argia.eus
INPRIMATU
26 greba egun gehiago egingo dituzte Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileek
  • Langileek iragarri dute ekainaren 17tik uztailaren 12ra etenik gabe greba egingo dutela Gipuzkoako egoitzetan eta eguneko zentroetan.

ARGIA @argia 2019ko maiatzaren 27a
5.000 langile ditu zaharren egoitzetako eta eguneko zentroetako sektoreak. Argazkia: Gorka Rubio / Foku

Maiatzaren 24an elkartu ziren ELAko langileak eta haien lan baldintzak hobetzeko beste behin grebara jotzea erabaki dute. Helburu nagusia ELAk (ordezkaritza sindikalaren %60 dauka) Adegi eta Matia patronalekin lortu zuen akordioa Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzea da. Sindikatuaren arabera 2018ko abenduan lortu zuen akordioa patronalaren zati horrekin eta Foru Aldundiak “finantzatu beharrean, akordio dokumentua faltsutu zuen eta hortik aurrera faltsuketari eutsi dio gezurra esanez, alegia, dokumentua ELAk alde bakarrez egin zuela”.

Dagoeneko ELAko afiliatuek 62 greba egun eginak dituzte. LABek du ordezkaritza sindikalean bigarren tokia, %20koarekin, eta bere afiliatuek ere hainbat greba egun eginak dituzte.

ARGIA astekarian lan gatazka honi buruzko erreportaje mardula argitaratu dugu: Gipuzkoako zaharren egoitzak greban. Bi urte hitzarmenik gabe