Ekainaren 17tik uztailaren 12ra etenik gabe greba egingo dute Gipuzkoako egoitzetan eta eguneko zentroetan.
ELA sindikatuko langileek haien lan baldintzak hobetzeko beste behin grebara jotzea erabaki dute. Helburu nagusia ELAk (ordezkaritza sindikalaren %60 dauka) Adegi eta Matia patronalekin lortu zuen akordioa Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzea da. Sindikatuaren arabera 2018ko abenduan lortu zuen akordioa patronalaren zati horrekin eta Foru Aldundiak “finantzatu beharrean, akordio dokumentua faltsutu zuen eta hortik aurrera faltsuketari eutsi dio gezurra esanez, alegia, dokumentua ELAk alde bakarrez egin zuela”. Bi urte daramatzate lan hitzarmenik gabe. Dagoeneko ELAko afiliatuek 62 greba egun eginak dituzte. LABek du ordezkaritza sindikalean bigarren tokia, %20koarekin, eta bere afiliatuek ere hainbat greba egun eginak dituzte.
Gipuzkoako Foru Aldundia ez zen azaldu bilerara
Ekainaren 12an zeukaten biltzeko hitzordua egina gatazkako alderdi guztiek, afera bideratzeko. Sindikatuek eta enpresek bat egin zuten bileran, baina Diputazioko ordezkaririk ez zen agertu.
ELAren eskariz, Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak deitu zuen bilera, gatazkako alde guztiak hitzartuz: sindikatuak, enpresak eta Gipuzkoako Foru Aldundia, alegia. Bileran, patronalak eta sindikatuek bat egin zuten, eta Foru Aldundiko ordezkaririk ez zen agertu. ELAko ordezkari Txomin Lasak salatu zuen Diputazioak kale egin izana, eta jokabide hori kritikatu zuen: “Arduragabekeria iruditzen zaigu; are gehiago, errespetu falta”.
ARGIA astekarian lan gatazka honi buruzko erreportaje mardula argitaratu dugu: Gipuzkoako zaharren egoitzak greban. Bi urte hitzarmenik gabe