Asteazken honetan aurkeztu dute TEN-T Europa Barneko Garraio Sarea-ri buruzko dokumentu berri bat. Bertan ageri da 2040rako nahi dutela Europako hiriburu guztiak lotzeko sarearen gauzapena. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak baikorki baloratu du Bruselaren postura.
Paris eta Lisboa arteko Abiadura Handiko Trenaren ardatza –Madrildik pasata– 2035 urterako bukatuta egotea nahi du Europako Batzordeak. Hori aurreikusten du Bruselak asteazkenean aurkezturiko dokumentu berriak.
Apostolos Tzitzikostas Europako Garraio komisarioak zehaztutakoari segi, bilera bat prestatzen ari dira Espainiako eta Frantziako garraio ministroekin, bi trenen loturari buruz hitz egiteko. Hain justu ere, "lehentasunezko sarearen parte" daukate linea hori. Europar Batasuneko hiriburu guztiak AHT bidez konektatuko dituen TEN-T Europa Barneko Garraio Sarea 20240rako bukatzeko asmoz landutakoa da plangintza hori.
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak baikorki baloratu du Bruselasen postura: "Bultzada politiko oso garrantzitsua da, Euskadiren posizioa sendotzen, bermatzen eta babesten du eta". Urtarrilean Tzitzikostasekin bildu ziren AHTren sustatzaile handia den Alain Rousset Akitania Berriko presidentea eta biak. Nagusiki, Frantziaren Gobernuaren inplikazioa azkartzeko beharra azpimarratzeko asmoz. Martxoan, berriro, AHTren atzerapena gaitzesteko gutuna bidali zioten Europako Batzordeko Garraio Komisarioari.
AHTren Bordele eta Akize (Okzitania) arteko trenbidea 2042 urtea baino lehen ez zutela bukatu jakitera eman zuen Frantziako Gobernuak 2023ko otsailean. Hori horrela, ordura arte 2030rako aurreikusten zuten 'Euskal Y'-arekilako lotura beste hamabi urtez atzeratzea zekarren erabakiak. Frantziako administrazio arloko arazoei eta krisi ekonomikoari lotu zioten erabakia.
Aitor Esteban EAJko orduko bozeramaileak Espainiako Kongresura eraman zuen gaia, eta Pedro Sanchez Espainiako presidenteari galdetu zion ea Frantziako Estatua "adarra jotzen" ari zaion. Izan ere, badirudi alde batera zein bestera doala Pariseren postura. Azkenik, Espainiako eta Frantziako Estatuek urtarrilean Bartzelonan egindako goi bilera baten ondoren, Sanchezen baieztatu zuen 'Euskal Y'-aren lotura prest egonen zela 2030erako, pariserekin hori adosturik.