Gatazka politiko bat egon da azken 60 urteetan Euskal Herrian, eta horrek izan du bere bertsio biolentoa, ETAk bideratu duena, zeinari Espainiako Estatuak errepresioz eta estatu-terrorismoz erantzun dion. Sei hamarkadetan, ordea, biolentzia horiek ez dira berdin ikusi izan euskal gizartean. Frankismoan, herritar asko ez zegoen ados ETArekin, baina hala ere, horietako asko pozten ziren Carrero Blancoren heriotzarekin, eta ez zeuden ETAren aurkako manifestazioak kaleetan.
Frankismoaren amaierak eta Trantsizio Demokratikoaren hasierak argi markatu zuten frankismoaren aurreko ETA eta ondorengoa. ETApm-k utzi zion borroka armatuari, ETAren aurkako manifestazioak hasi ziren kaleetan eta, urteekin, ETAk indarra galdu zuen eta estatuak lortu zuen ezker abertzalea ilegalizazioan zokoratzea... Frankistentzat ETAren jarduera beti izan zen terrorismoa. Antifrankista askorentzat “komeni ez zen borroka moldea”; eta beste askorentzat, etakideak askatasunaren aldeko borrokalariak ziren.
Kontakizun historiko oso-oso orokor hori aski onartua izan liteke euskal gizartean. Ikuspegi historikotik, Frankismoko ETAren fenomenoa ETApm-k Madrilgo Rolando kafetegian egindako atentatu hilgarritik neurtu nahi izatea, Gogorako Institutuko Alberto Alonsok egin duen moduan, manipulazio historiko handia da. Iñigo Urkullu lehendakaria atera behar izatea esatera hori baino askoz finago ibili behar dela biktimekin oso adierazgarria da. Ezin baitira biktimak zatitu, gerritik behera biktima eta handik gora terrorista. Biktima da, eta kito. Eta biktima batek merezi du aitortza, justizia eta erreparazioa.
Aitortzaren barruan sartzen da biktimak gogoratzea, eta herritarrek ere hauta dezakete nola oroitu Txiki eta Otaegi, Gogorak edo Zarauzko Udalak nola egin behar duten esan gabe. Zarauzko Santa Barbarako paretako olanak esango balu “Txiki eta Otaegi. 1975-2025. Gora ETA!”, euskal gizartearen gehiengoak gaur egun ez luke onartuko. Baina “Gora ETArik” ez zegoen olanean, eta beraz, horrek gertaera historikoa bakarrik azpimarratzen du, interpretazio eta balorazio historiko guztiei zabalik.
Fusilatu eta mende erdi geroago, Txiki eta Otaegi oraindik sinbolo handiak dira Euskal Herrian, baina hori ez da hainbaten gustuko. Bi etakide sinbolo? Nola irensten da hori? Ez da gustuko haien figurek irakurketa historiko pluralak izatea, borrokalari eta biktima moduan baino terrorista moduan ikusarazi nahi dira. Testuinguru horretan kokatu behar dira Alonsoren berbak.
George Orwellen 1984 liburuan, Egiaren Ministerioak finkatzen du nola irakurri behar den iragana, eta hiztegi berri bat ere lantzen du horretarako: inon ez bada gertaera baten erreferentziarik, lor liteke hura oroimenetik ezabatzea. Ministerioaren goiburu nagusietako batek hala dio: “Iragana kontrolatzen duenak etorkizuna kontrolatzen du. Oraina kontrolatzen duenak iragana kontrolatzen du”.