Suitzako Nemo artistak adierazi du kontraesana dagoela lehiaketaren baloreen eta Israelen parte hartzearen artean. Beste zenbait herrialdek ere uko egin diote parte hartzeari, arrazoi berarengatik: Espainiak, Irlandak, Esloveniak, Herbehereek eta Islandiak.
Azken bi urteetan Eurovision jaialdiaren politikak iritzi publikoaren lehen lerroan egon dira, Israelen parte hartzea dela eta; baina, status quoa gailendu da eta bere horretan estatu sionistak parte hartzen jarraituko du, kritikak kritika. Azkenaldian, ordea, barrutik zein kanpotik etorri dira kritikak, eta 2024ko jaialdiko irabazlearena, Nemorena, da berriena: garaikurra itzultzea erabaki du, jaialdiak aldarrikatzen dituen baloreen –batasuna, inklusioa eta duintasuna– eta Israelen parte hartzearen artean kontraesana dagoela iritzita.
Abenduaren 4an jakinarazi du UER Europako Irratidifusioko Batasunak, bere 95. asanblada eta gero, Israelen parte hartzea babestuko duela. Herrialdearen parte hartzeak polemika sortu du bertan parte hartzen hasi zenetik –Europako herrialdeei zuzendutako lehiaketa baita, printzipioz–, baina Gazaren aurkako genozidioa martxan jarri zuenetik, bereziki arantzatsua izan da gaia. Paradoxikoki, azken bi edizio horietan herrialde sionistak oso emaitza onak lortu ditu: 2024ko edizioan bosgarren postua lortu zuen, eta aurtengoan ia irabazi du, bigarren geratuta. Aipagarria da, edozelan ere, epaimahaitik haragoko bozketak pisu handia izan zuela, alegia, ikusleenak; eta ustelkeria ere salatu izan da. Hain zuzen ere, UERen aipatu asanblada horretan ikusleen bozketa “gardenagoa” egiteko neurriak ere hartu dituzte.
Nemo suitzarra ez da izan bakarra Israelen aurka protesta egin duena. Irailetik hasiak ziren zenbait herrialde presioa egiten Israelen hautagaitza onartu ez dezaten. Irlanda eta Eslovenia izan ziren lehenak mahai kolpea jo eta beren hautagaitza kolokan jartzen Israelek parte hartuko balu. Handik egun gutxira gauza bera egin zuen Espainiak ere, eta aipatu behar da Espainia Big Five-n kide dela; alegia, Eurovision jaialdian diru gehien jartzen duten bost herrialdeetako bat. Islandiak proposatu zuen Israelek ez lukeela parte hartu beharko.
Abenduaren 4ko albistearen ondotik, aipatu herrialdeek eta Herbehereek euren berba bete dute, eta jakinarazi dute ez dutela musika jaialdian parte hartuko.