Gasteizen igandean eginiko agerraldian, Txosnak. Gureak, denonak dinamikako kideek gaitzetsi dute txosnak ez direla enpresen gisara tratatu behar: "Gure ospakizunak edukiz hustu nahi dituztenen kontra, konpromisoaren, aniztasunaren eta autogestioaren alde egiten dugu guk". Gasteizko txosna batzordeak jakinarazi du Ticket Bai fakturazio sistema ezarriko dutela.
Bilboko Miribilla auzoan eginiko elkarretaratzean, Txosnak. Gureak, denonak dinamika aurkeztu zuten maiatzaren amaieran. Euskal Herriko 700 txosnak eta 200 jai batzordek baino gehiagok bat egin dute dinamikarekin, eta elkarretaratzean iragarri zuten txosnak ondare inmaterial izendatzeko "herriz herri, jairik jai, txosnaz txosna eta kuadrillaz kuadrilla" sinadurak biltzen arituko zirela. Bada, igandean, Gasteizko jaien bezperan eginiko agerraldian, dinamikak jakinarazi du oraingoz 20.000 lagunek sinatu dutela eskaria.
Nagore Ugartek eta Iker Martinek irakurritako adierazpenean, dinamikaren aurkezpenean azpimarratu zuten txosnak ez direla "edariak zerbitzatzeko barra hutsak": "Jai herrikoien bihotza, elkartzeko eta elkar zaintzeko guneak, herriak bere nortasuna ospatzen duen lekua; tresna politiko, sozial eta kulturalak dira". Gauza bera egin dute igandean eginiko agerraldian, txosnek ordezkatzen duten "eredu ireki, aske, herrikoi eta euskaldun horrek" bizirik jarraitzea nahi dutela nabarmendu baitute.
Gasteizko txosnek Ticket Bai sistema ezarriko dute lehen aldiz
Milaka gasteiztarrek astelehenean jasoko dute Zeledon Andre Maria Zuriaren plazan, hiriko jaiei hasiera emateko. Bada, ostiralean eginiko agerraldian, Gasteizko txosna batzordeak jakinarazi zuen Ticket Bai fakturazio sistema ezarriko dutela lehen aldiz. Horrela, Arabako aldundiak agindutakoa beteko dute, iaz sistema hori erabiltzeari uko egiteagatik isunak jaso baitzituzten. Txosnen eremuaren aurrean eginiko agerraldian, batzordeko kideek salatu zuten Ticket Bairen bidez "aisialdia pribatizatu" nahi dutela, eta txosnen funtzionamendurako "traba" dela.
"Irabazirik gabeko erakundeak gara, baina enpresen moduan tratatu nahi gaituzte", gaitzetsi zuten Gasteizko txosna batzordeko kideek agerraldian: "Argi utzi nahi dugu inposatutako erabaki bat izan dela". Elkarretaratzea egin eta egun bat beranduago, larunbatean, Arabako Aldundiak adierazi zuen 2022ko abenduaz geroztik 72 jarri dituela Ticket Bai erabili ez duten establezimenduei.
Gasteizko jaietarako erasoen aurkako potrokoloa aurkeztu dute
Gasteizko Mugimendu Feministak eta Lumagorri elkarteak eraso matxisten aurkako protokoloa aurkeztu zuten ostegunean, Andre Maria Zuriaren plazan. "Urteetan lantzen eta fintzen" joandako protokoloa dela azpimarratu zuten agerraldian, "ikaskuntza eta hausnarketa kolektiboaren emaitza". Gainera, erasoei berehala erantzuteko tresna soilik ez, protokoloak "jaiguneak espazio eroso bilakatzeko" ere funtzioa ere baduela nabarmendu dute.
"Jaietan parte hartzen duten guztien ardura da sexu erasoen aurkako jarduera, eta eremu seguruak sortzea da helburua". Horretarako, jaiek iraun bitartean zenbait telefono zenbaki eskuragarri edukiko dituzte pairatutako eta ikusitako kasuak salatzeko: Mugimendu Feministak 747 414 834 telefonoa du martxan; Lumagorri elkarteak, berriz, 633 309 653 telefonoa.