Frantziako Gobernuaren aurrekontua fintzen ari diren honetan, "justizia soziala eta fiskala" aldarrikatu dute karrikatik. Irailaren 18ko mobilizazioak baino jarraipen ahulagoa ukan du osteguneko greba deialdiak.
2.000 lagun elkartu dira Baionan, sindikatuek deitutako manifestazioaren kari. Ez da irailaren 18ko protesta bezain jendetsua izan eta ikusteke dago zer nolako eragina ukanen duen karrikako deiak. Frantziako Gobernuaren aurrekontua fintzen ari diren honetan, "justizia soziala eta fiskala" dute galdatzen langile sindikatuek. Azken urteetan etenik gabe bideraturiko austeritate politiken bukaera aldarrikatu dute, beste behin, Lapurdiko hiriburutik.
UNSA, CFDT, CGT, FO, CGC, CFTC, Solidaires eta FSU sindikatuak, baita Ipar Euskal Herri mailako LAB eta ELB ere dira deitzaileen artean, eta irailaren 9an piztutako Dena blokeatu dinamikarekin batera, mugimendu sozial iraunkor eta eraginkor bat nahiko lukete lortu. Ondoko hitzordua urriaren 9rako jarri dute, osasunaren eta zerbitzu sozialen sektore publikorako grebarako deia pausatuta. Hegazkinetako kontrolatzaileen SNCTA sindikatuak ere du grebarako deia aurkeztu urriaren 7,8 eta 9rako.
Alderdi politiko ezberdinekin eta sindikatuekin bildurik da azken asteetan Sébastien Lecornu, irailaren 9an izendaturiko lehen ministroa. Helburua: zentsura moziorik ez jasotzea, eta beraz aurrera egin ahal izatea, nahiz eta parlamentuan gehiengo osorik ez ukan. Hain zuzen, horrela erori zen François Bayrouren gobernua irailaren 8an, aldeko 194 boto eta kontrako 364 lortuta.
Alta, ezkerrak zein sindikatuek marra gorritzat dituzten erretreten erreformaren berrikusketa zein ultra aberatsei bideraturiko Zucman zerga [%2tara zergapetzea 100 milioi euro baino goragoko ondasuna duten aberatsak] baztertu ditu Lecornuk. Horregatik zuten funtsean ostegun honetako mobilizazioa lotu sindikatuek. Emakumeen erretiroaren emendioa planteatu du lehen minsitroak eta elkarrizketekin segitu nahian dabil, lan esparruko nekearen kontuan hartzeko neurri batzuk finkatzeko, besteak beste.
Hurbileko iturrien arabera, aste bukaeran aurkeztu beharko luke gobernu berria. Badirudi 25 ministro edo gutxiago izendatzera doala, aitzineko lehen ministroak 35 zituenean. "estututako exekutiboaren" promesa behin eta berriz egin eta gero, baliteke aldi honetan gauzatzea.