argia.eus
INPRIMATU
200 enpresarik Eskoziako independentzia babestu dute, 130ek kontra sinatu ostean
  • Eskoziaren independentziaren alde eskutitz irekia argitaratu dute 200 enpresarik. Ostegunean beste 130 enpresaburuk plazaratu zuten independentziaren aurkako manifestuari erantzuna da. Erreferendumetik hiru astera, independentismoa gorantz doala diote azken inkestek. Botoa erabaki gabe dutenak kontuan izan gabe, %47 dira aldekoak, Daily Mail egunkariaren arabera.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko abuztuaren 29a
David Cameron Eskozian izan da, enpresariekin bildu eta ezezkoaren aldeko kanpainan eragin asmoz.(Arg.:news.stv.tv)

Independentziaren alde sinatu dutenen artean daude, besteak beste, Stagecoach garraio enpresa eta Clyde Blowers industria taldea.

Independentismoa gorantz azken inkestetan

Daily Mail berripaperak argitaratu duenez, azken inkestan lau puntu inguru igo da independentziaren aldekoen kopurua. Hilabete baino gutxiaogoko epean, %37,2tik %41,6ra igo da Erresuma Batuan jarraitu nahi ez dutenen kopurua. Unionistak hiru puntu inguru egin dute behera, %47,6 dira egun.

Herritar ugarik, ordea, ez dute oraindik erabaki botoa. Horien ehunekoa aintzat hartu gabe, eskoziarren %47 legoke independentziaren alde.

Astelehen gauean, Eskoziako lehen ministro Alex Salmondek eta independentziaren kontrako kanpainako buru Alistair Darlingen arteko telebista saioan, Salmond nagusitu izanak eragina izan du inkestetan, zenbait hedabideren arabera. 

Cameron: “Europar Batasuna historiako fusio onena da”

Irailaren 18ko galdeketarako hiru aste astera, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa Eskoziara joan da, ezezkoaren aldeko kanpainan eragin asmoz.

Enpresarien arteko norgehiagokaren erdian, hauekin bildu eta Eskoziako ekonomiarentzat Erresuma Batuan jarraitzea mesedegarria dela adierazi die.Independentziaren kontrako jarrera nagusituko balitz, Eskoziari eskumenak areagotuko dizkiola agindu du.

Bi nazioen “oparotasuna” 1707an, tratu ekonomikoak tarteko, bat egin zutenetik estu lotuta dagoela adierazi du Cameronek. Bere hitzetan, “historiako fusio onena” da Erresuma Batua.