Hainbat unibertsitate eta institutu giltzatu dituzte ikasleek, eta mobilizazioa egin dute eguerdian Parisen. Istiluak izan dira poliziaren eta manifestarien artean, eta 130 pertsona atxilotu dituzte.
Ikasleek ez ezik, CGT, FSU eta FO langileen sindikatuek ere bat egin dute mobilizazioekin. Baionan elkarretaratzea egin dute, 18:00etan. Marseillan, Grenoblen, Toulousen eta Estrasburgon ere manifestazioak egin dituzte.
Roazhon (Renne) hirian, Frantzia ipar-ekialdean, hainbat ikaslek okupatu egin dute hiriko trenbidea, eta tren trafikoa geldiarazi dute.
Frantziako Asanblea Nazionalean erreforma eztabaidatu dute gaur, eta talde parlamentarioek 1.000 zuzenketa baino gehiago aurkeztu dituzte.
Haserre handia eragin du lan-erreformak ikasle eta sindikatuengan: kaleratzeak erraztea, ordu gehiagoz lan egitea, eta hitzarmen kolektiboen gaineko eskumenak enpresariari ematen dizkiotela salatzeko egin dituzte mobilizazioak ikasle sindikatuek.
Ikasleekin batzarrak
Myriam El Khomri, Najat Vallaud-Belkacem eta Patrick Kanner Lan, Hezkuntza eta Gazteria ministroak elkartuko dira UNEF eta FAGE bi ikasle antolakunde nagusiekin asteazkenean.
Martxoaren 31ko mobilizazio jendetsuen ondorioz –antolatzaileen arabera, 1,2 milioi pertsona atera ziren kalera–, Manuel Valls Frantziako Lehen Ministroak ere adierazi zuen ikasleekin bilduko zela, eta UNEF ikasle antolakundearen proposamenak entzungo zituela.
UNEFek, bere aldetik, ondo hartu zituen hitz horiek, baina argi utzi zuen bere eskaerak mantenduko zituela: lan erreforma bertan behera uztea eta enpleguaren egonkortasuna, eskubide sozialak, eta formakuntza profesionala bermatzea.
Mobilizazioek ez dute etenik
Frantziako Gobernuaren lan-erreformaren aurkako mobilizazioek ez dute etenik. Greba orokorra egin zen martxoaren 31n, eta 3.500 pertsona baino gehiago elkartu ziren Baionako mobilizazioan.
Egun hartan, ehunka lagunek hartu zuten Parisko Errepublika Plaza, eta Nuit Debout okupatzeko mugimenduak lehen asteburua pasa du Parisen eta Frantziako Estatuko beste hainbat hiritan: Pauen eta Bordelen, esaterako.
Apirilaren 9rako ere mobilizazioak deitu dituzte Frantziako Estatuko ikasle eta langile sindikatuek.