Greba orokorra Frantziako Estatuan, gobernuaren lan-erreformaren aurka

  • Frantziako Estatuko sindikatu nagusiek greba orokorra deitu dute lan-erreforma bertan behera uztea eskatzeko. Mobilizazioa izan da Baionan, goizean.


2016ko martxoaren 31n - 10:08

Herrialdeko lau sindikatu nagusiz (CGT, FO, FSU eta SUD) gain, hiru ikasle antolakundek (UNEF, UNL, LDIFs) ere bat egin dute greba deialdiarekin, Myriam El Khomri Lan ministroaren lege-proiektuaren aurka.

Sindikatuek “atzerakada historikotzat” jo dute erreforma: “Kaleratzeak errazten ditu, lan-orduen arauak berrikustea ahalbidetzen du, eta horrek eragiten du ordu gehiagoz lan egitea, eta hitzarmen kolektiboen gaineko eskumenak ematen dizkio enpresariari”.

El Khomri ministroak ziurtatu du Gobernuak gazteen ezinegonak entzun dituela, eta, hain justu, sektore horren prekarietateari aurre egingo diola erreformak.

200 mobilizazio baino gehiago egingo dituzte Frantziako Estatuan eta Ipar Euskal Herrian; 10:30etan izango da Baionan, San Ursula plazan.

Baionako mobilizazioaren irudiak zabaldu ditu Euskal Irratiak

Jende gazte ugarik hartu du parte gaurko mobilizazioetan:

 

Ez da lan-erreformaren aurkako lehen mobilizazioa. Martxoaren 9an, 200.000 eta 450.000 pertsonen artean mobilizatu ziren Frantziako Estatuan eta Ipar Euskal Herrian lege-proiektu horren aurka. Era berean, apirilaren 9rako ere mobilizazio gehiago iragarri dituzte. 

Arazoak garraio publikoan eta aireportuetan

Frantziako Estatuko aire-kontrolatzaileek asteazkenean hasi zuten lanuztea, eta datorren ostiralean, 06:00etan, amaituko dute. Azken urteetan hegaldien kopuruak gora egin duen arren, aire-kontrolatzaileak murriztu nahi dituzte. Erabaki horren aurka egiteko deitu du greba USAC-CGT sindikatuak.

Greba horrek eragingo du Paris-Orlyko aireportuaren hegaldien %20, eta Marseillako aireportuaren herena bertan behera uztea, Hegazkintza Zibileko Zuzendaritza Nagusiak (DGAC) adierazi duenez.

Parisen, aldiriko eta eskualdeko trenen erdiak edo bi herenek ez dute zerbitzurik emango, arduradunek azaldu dutenez. Nazioarteko trenetan ez da arazorik izango, eta Abiadura handiko zerbitzuari (TGV) dagokionez, Atlantikoko eta hego-ekialdeko trenen laurden batek ez du zerbitzurik emango.

Ipar Euskal Herrian ere eragina izan du grebak: tren nagusietan gutxieneko zerbitzuak izan dira, eta Biarritzen bost hegaldi bertan behera utzi dituzte.

#greve31mars traola erabiltzen ari dira grebaren jarraipena egiteko.

Hollanderen eskuineko estrategiak atzera

Hollandek eskuinera lerrokatutako estrategia jarri zuen abian, baina ez zaio nahi bezala atera. MEDEF patronal handiaren eta honek kontrolatutako hedabide nagusiak lege-proiektuaren alde agertu ziren hasiera batean.

Frantziako Gobernuak ordea, hainbat aldaketa egin dizkio hasierako proiektuari: kaleratzeengatik gehienezko kalte-ordainak inposatu beharrean, aholkatu soilik egin ahal izango ditu, eta enpresek ezingo dituzte lan-orduak aldatu langileen ordezkariek akordiorik lortu ezean. "Legea desitxuratzea" leporatu dio Medef patronalak, eta gogor kritikatu du legearen aldaketa oposizioko Nicolas Sarkozyren alderdiak.

Horretaz gain, Hollande lehendakariak justu bezperan erretiratu du eskuinari eta ugazaba handiei plazer egiteko asmatutako beste lege bat, frantsesaz gain atzerritar nazionalitatea zuten herritarrei lehenbizikoa kentzea ahalmendu behar zuen Konstituzioaren erreforma, Parisek islamisten esku nozitu dituen eraso handien beroan idatziak.

 

 

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Langile borroka
Soldaten emendioa aldarrikatzeko greba eguna burutu dute Ipar Euskal Herriko sektore publikoan

500 lagun batu dira Baionan buruturiko manifestazioan. Sektore publikorako erreformarekin Frantziako Gobernuak sektore pribatuko logika funtzionarioen baitan txertatu nahia salatzeko mobilizazioa ere izan da.


EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Industria agortu eta gero, zer?

Beriain (Nafarroa), 1974ko otsaila. Potasas de Navarra enpresako langileek greba egin zuten, besteak beste, aurreko urtean Motor Ibérica lantegiko langileek egindako grebak bultzatuta. Ez zen, beraz, Nafarroako industriako lehen greba, ezta Potasasena ere. Baina Potasas... [+]


Eguneraketa berriak daude