Joan den ekainaren 3an egin zen Ziburuko 4. Euskal Liburu eta Disko Azoka eta antolatzaileek –Baltsan Elkartea eta ARGIA– balorazio orokorra egin dute. Azoka handituz joan da bere erritmoan, urratsez urrats, urtetik urtera baieztatuz 2019ko hastapen hartan erakutsitako potentzial eta gaitasuna.
Antolatzaileen esanetan, aurten izan duen arrakastak erakusten du euskarazko kultura eta sorkuntzaren ekitaldi nagusi gisan egonkortu egin dela Ziburuko Azoka, eta Euskal Herri osoko euskaltzaleen agendan ezinbesteko hitzordu bilakatu dela. Ondorengo lerroetan biltzen dugu atalez atal egin duten balorazioa:
Lehen edizioan 150 m2 zituen azoka aterpetzen zuen karpak, aurten hiru aldiz gehiago (450 m2). Edizioz edizio bertze lau gunez aberastu da: aurkezpenena, musikarena, haurrena eta erakusketa lekuarena. Hastetik argi dugu antolatzaileok herriko plazan egon behar duela Ziburuko Azokak, beraz aurtengo antolamendu eta konfigurazioak bulta baterako neurria eman diote. Plaza eta inguruak osoki baliatu dira eta gehiago zabaltzerik ez da: ontsa zaigu horrela helburua denek –bisitari, profesional, sortzaile– egun goxoa gustura, hurbiltasunez eta atseginez bizitzea baita.
Hamasei argitaletxerekin hasi ginen eta 36 bildu dira aurten Ziburuko plazan, 90 berritasun baziren erakusmahaietan eta 25etik gora idazle, komiki egile edo musikari: euskarazko literatura eta musikaren urteroko hitzordua da jadaneko arloko profesionalean eta sortzaileentzat. 700 bisitari izan ziren 2021ean, milako bat zenbatu zen joan den urtean eta 1200 aurten. 1014 liburu saldu dira aurten (iaz 726): hemen ere progresioa ageri da eta zenbakiak egonkortu dira, nahiz eta disko gutiago saldu den, 84 aurten, 118 iaz. Xehetasunetan sartuz, honakoak izan dira saldutako liburuen ezaugarriak: 1.014 liburutan %61 helduen sailari dagokio, horietan %23 komikiak dira, %20 nobelak, %13 ipuinak nahiz saiakerak, eta %9 olerkiak
Partaide fidelak ditugu orain azokan: hastapenetik dira Euskal Kultur Erakundea eta Euskal Irratiak, eta bidean juntatu zaizkie Ziburuko Herria, Bertsularien Lagunak elkartea eta Euskal Hirigune Elkargoa. Aipatu behar da, halaber, hastetik Euskal Herri mailako izaera eman diogula Ziburuko Azokari, besteak beste antolatzaileak mugaz gainetik elkarturik ari garelako lanean: aurten bide horretan urrats bat gehiago eman da gure ekimenez Doinuele sarea sortuz, Euskal Herri osoko euskara hutsezko plazak biltzen dituen elkartea.
Egitaraua ere beteagoa izan da aurten: mahai ingurua, liburu aurkezpenak, haurrentzako ikusgarria, zirriborroka eta umorezko saioaz gain, kontzertu laburrak egin dira, azokak euskarazko sorkuntzaren leiho ere izan nahi duelako. Plazaren neurriek bezala egunarenak ere ematen diote muga eta egunean bertan ez da ekitaldi gehiagorik kabitzen. Horregatik maiatzean, aitzin dasta bezala, bi hitzordu antolatu ziren arrakastaz: Hitzen Ahairera ekitaldia eta Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak Miren Azkarateren liburuaren aurkezpenak, ondoko urteetako tendentzia eman dezake.
Gazteak ez dira ahantziak izan: bi interbentzio izan ziren aitzineko asteetan Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan (Xabiroi euskara hutsezko komiki aldizkariaren aurkezpena eta azokarena berarena) eta egunean bertan kolegioko ikasleek eta Etxepare lizeokoek sortu erakusketak egon ziren Herriko Etxeko sarreran. Hau ere ondoko urteetan lantzeko ildoa da.
Ziburuko plaza euskara hutsez bete zen
Egun osoan, goizetik arrats, hitz eta doinu, berba eta solas, ele eta soinu, euskaraz baizik ez da aditu. Anitz izan dira eskertu eta zoriondu gaituztenak egun batez bederen euskararen herrian sentitzeaz, bizitzeaz, gozatzeaz loriaturik, erraten zutena itzultzera bortxatuak izan gabe eta zergatik euskaraz erraten zuten azaltzeko, argudiatzeko edo defenditzeko beharrik gabe.
Euskara hutsez bete dugu Ziburuko plaza egun oso batez eta bertan euskal hiztunek arnas hartu dugu, lasaitasunez, normaltasunez eta naturaltasunez: idazle eta sortzaileekin komentatzen, galdatzen; lagunekin partekatzen, eztabaidatzen; ezagunekin elkar topatzen; ekitaldi ezberdinetan interesa erakusten, irri egiten eta zirrara sentitzen.
Eskerrak bihurtzen dizkiegu hori posible egin duten idazle, komikilari, musikari, artista, argitaletxeetako arduradun eta langile, partaide, babesle eta laguntzaile guziei eta 2024ko ekainaren 1ean 5. edizioari ekingo diogu. Berriz beteko dugu plaza euskara hutsez eta goxo izanen da egun batez bederen plaza euskarak hartzea.