argia.eus
INPRIMATU
100.000 lirateke Gazan Israelek hildakoak, Britainia Handian plazaraturiko ikerketa baten arabera
  • Ikerketaren arabera, gutxienez 75.200 lagun hil zituen Tsahal armada sionistak 2023ko urriaren 7az geroztik eta 2025eko urtarrilaren 5a bitartean: tokiko agintariek epe berean zenbatutako 46.000 hildakoak baino %40 gehiago. Horrez gain, une berean, 8.540 lirateke gosez, hotzez edota zaurien ondorioz hildakoak.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2025eko uztailaren 10
Saeed M. M. T. Jaras

100.000 lirateke 2023ko urriko 7aren eta 2025ko urtarrileko 5aren bitartean Israelek Gazan hildakoak; horrek erran nahi du urte hastapenean Gazako Osasun ministerioak zenbaturiko 45.500 hildakoen kopurua bikoiztu daitekeela. Hori dio, ekainaren 19an plazaraturiko Violent and Nonviolent Death Tolls for the Gaza War: New Primary Evidence ("Gazako gerraren ondoriozko heriotza bortitzak eta ez-bortitzak: lehen mailako ebidentzia berriak") ikerketak. Hori horrela, 2023ko urriaren 7az geroztik Gazako biztanleriaren %4 hil duela Israelek ondorioztatu dute ikerleek –kontuan hartu, gainera, ikerturiko epeaz geroztik sei hilabete pasa direla, egunez egun zenbakiak are gehiago emendatuz–.

Azterketa hori zuzeneko elkarrizketetan oinarritzen da, eta Gazako Zerrendako 2.000 etxebizitza aztertu dituzte, guztira, 10.000 pertsona. Kalkuluei segi, gutxienez 75.200 lagun hil zituen Tsahal armada sionistak –tokiko agintariek epe berean zenbatutako 46.000 hildakoak baino %40 gehiago–. Zuzenean tiroek eta bonbek hildakoez gain, zeharkako biktimak ere kontuan hartu dituzte: gosez, hotzez, egarriz zein zaurien ondorioz hildakoak. Beste, 8.540 gehitu behar zaizkie 75.200 hildakoei. Hildakoen %56,2 emakumeak, haurrak ala adinekoak direla ere zehaztu dute ikerleek. 

Halaber, 12.000 pertsona baino gehiago desagertuta egongo lirateke oraindik, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen arabera, gehienak hondakinen azpian lurperatuta.

Israelek hildako gazatarrak, Gazako Osasun Ministerioaren zenbaki ofiziala baino askoz gehiago liratekeela dioten ikerketa bat baino gehiago plazaratu dira azken garaietan. Duela urte bat The Lancet aldizkari zientifikoak zioen eritasunak eta bestelako zeharkako faktoreak kontuan hartuta, hildakoen kopurua gutxienez 186.000 pertsonakoa zela.

Hildakoak zenbatzeko, Gazako Osasun Ministerioak ez du bere datuetan sartzen aurkitu gabeko desagertuen kopurua. Ospitale publiko eta pribatuetako informazioan oinarritzen da –gero eta gutxiago direnak, ia denak suntsituta baitaude—, bai eta online jasotako datuetan ere (senitartekoek hildakoen berri ematen dutenean).

Nazioartean ezagunak diren ikerleak dira ikerketaren oinarrian: Michael Spagat ekonomialari britaniarra, Khalil Shikaki politologo palestinarra, PRIO Osloko Bakeari buruzko Ikerketa Institutuko Havard Hegre, Debarati Guha-Sapir epidemiologista indiarra, Jon Pedersen ikerle independentea, Eran Bendavid AEBetako mediku eta ikerlea eta Michael Robbins Arab Barometre ikerketa sareko zuzendaria.