argia.eus
INPRIMATU
Greba orokorra
10.000 lagunez gora batu dira Baionan, erretreten erreforma “bidegabearen” gaitzesteko
  • Ostegun arratsaldean elkartu dira grebalariak Baionako Lan Burtsan, mobilizazioari eman beharreko segida adosteko. Frantziako Estatu mailan, 18:00tan batuko dira erabaki estatala adosteko. Langileriaren sindikatu guztiek deitu dute gaurko protestara: CGT, FO, CFE-CGC, CFTC, Unsa, FSU, Solidaires baita CFDT ere. Ipar Euskal Herriari dagokionez, LAB eta ELB sindikatuek ere bat egin dute greba deialdiarekin. Greba mugimendua jarraitua izan da, eta irakaskuntzan zein garraioetan sentitu da gehien.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko urtarrilaren 19a
Baionako manifestazioa, 2023ko urtarrilaren 19koa. Argazkia: Jenofa Berhokoirigoin

Sindikatuek finkaturiko hitzordura jendetza batu dela erran daiteke, ikusirik elur ala euri-erauntsiak nagusi direla Zuberoan, Baxenabarre eta Lapurdin barna. 10.000 lagun baino gehiago elkartu dira Baionan, Frantziako Gobernuak xede duen erretreten erreforma salatzeko. Erretiratzeko adina 62 urtetatik 64ra atzeratzea dakar lege-proiektuak, eta pentsio osoa jaso ahal izateko kotizatu beharreko tartearen luzatzea ere: urte bat gehiago kotizatu beharko da, hots, 43 urte. Bi neurri horiek progresiboki jarriko dituzte martxan: irailaren 1etik aitzina, urtero hiru hilabetez gibelatuko da adina, azkenean, 2030erako 64 urtera heldu arte; eta 43 urtez kotizatzearena 2027rako izango da. Erreforma "bidegabea" eta "bortitza" salatu dute aho batez langileriaren sindikatu guztiek. Lege-proiektuaren ezeztatzea arte jarraitu nahi dute borrokan eta abisua eman diete herritarrei, suprefetura aitzinetik zabaldu hitzartzean: "Mobilizazio indartsu baten hastapena dugu gaurkoa. [Frantziako] Gobernuaren postura dela eta, denboran irautea izango da garaipenaren giltza".

Gobernuarekin osaturiko elkarrizketa-mahaian "pseudo-negoziaketak" bideratze saiatzen ari direla salatzen dute Baionatik, langileen ordezkarien kezkak eta eskakizunak ez dituelako kontuan hartzen parekoak: "Guk nahi duguna da aberastasunen banaketa justuago bat, baina horrelakorik ez du bideratzen Gobernuak".

Gazteei egin diete protestari lotzeko eskaera, eta Baionan ikusi izan denez, bat egin du mobilizazioarekin gazte andanak. Ipar Euskal Herrirako datu ofizialik ez baldin bada ere, greba mugimendua gehien sentitzen ari da garraioetan, sozial eta osasun arloan zein irakaskuntzan. Hala eta guztiz ere, sektore pribatuko langileek ere erantzun diote deialdiari. Besteak beste, Baionako industria portuko enpresetako langileak ikusi dira Lapurdiko hiriburuko manifestazioan, baita barnealdetik etorritako laborariak ere.

Kezka berak dituzte guztiek: batetik, osasuntsu nahi dute bizi erretretan, eta bestetik, prekaritatearen itzala ikusten diote erreformari.

Prekarioenak kaltetuz

Herritar guztiak ez ditu berdin kaltetuko erreformak: lanean gazte hasitakoak, lan kontratu prekarioenak dauzkatenak eta emakumeak ditu lehen lerroan. Gainera, prekaritatearen emendioa ere badakarrela salatu dute Baionatik: "Langile adindunek lana aurkitzeko zailtasunak dituzte, eta lanik ezean, tarte prekarioa jasan behar izaten dute erretiratu aitzin. Prekaritate horren luzapena dakar erreformak".

55-64 urtekoen enplegu tasa %56koa da Frantziako Estatuan, Europako beste estatuetan baino anitzez apalagoa  (%60,5 da Europar Batasunean) eta 60 urtetik aurrera hiru langileetatik bakarrak dauka lan kontratua –nagusiki patronalak nahiago duelako soldata altuagoak dituzten aspaldiko langileez bereizi, soldata apalagoa duten gazteenak hartzeko–. Egoeraz kontziente, neurri pare bat bideratzea du xede gobernuak, nahiz eta eragin txikia aurreikusten zaien. Demagun, oraindik goiti 1.000 langilez goragoko enpresek eta datorren urtetik aitzina 300 langileez goragokoek zehaztu beharko dute zein duten 50 urtez goitikako enplegatuen proportzioa. Zifra publiko egin beharko dute, eta horrekin nahiko, ez dira ezertara gehiago behartuak izanen.

Erreforma datorren astean aurkeztua izanen da Ministroen Kontseiluari. Bitartean, gau honetan emanen dute mobilizazioaren jarraipenaren berri sindikatuek, 18:00etan daukaten asanbladaren ondotik. Hainbat sektoretan beste bi greba deialdi aukeztuak dituzte, bata 48 ordukoa urtarrilaren 26rako, eta bestea 72 ordukoa otsailaren 6rako. Iazko urrian gertatu bezala, petrolio-findegietan ere errepikatu dezakete greba mugagabea.

Berrehun manifestazio baino gehiago

Goizean egon badira hamarnaka manifestazio, arratsaldean zehar ere badaude beste hainbeste finkaturik. Tartean, Parisekoa, zeinetan hamarnaka herritar batu diren. Une honetan istiluak izaten ari dira, eta hainbat lagun atxilotu dituzte poliziek: