argia.eus
INPRIMATU
Sexu bereko pertsonen ezkontza eskubidea aldarrikatzeko kanpaina hasiko dute Ipar Euskal Herrian
  • Ipar Euskal Herriko lesbiana, gay, bisexual eta transexualek osatzen duten Les Bascos elkarteak denentzako ezkontza eskubidearen aldeko kanpaina hasiko du. Eliza katolikoak eta eskuineko alderdiek sexu bereko pertsonen ezkontzen aurka hasitako kanpainari aurre egingo diote. “Ez dugu gatazkarik sortu nahi, baina argi erakutsi nahi dugu hor gaudela”, adierazi du  Beñat Gachen Les Bascos elkarteko presidenteak.

2012ko azaroaren 15a
Les Bascos elkarteak iaz antolatutako Harrotasun Martxa

Frantziako Ministroen Kontseiluak sexu bereko pertsonen ezkontza baimenduko duen lege proiektua onartu zuen azaroaren 7an. Eskuinak mobilizazioak antolatu ditu horren kontra. Gachenek “alde bakarreko ahotsak” bakarrik entzuten direla adierazi du eta “ahots guztiak entzuteko” hasiko dutela kanpaina: “Erakutsi nahi dugu sexu bereko pertsonen harremanak eta amodioa errealitate bat direla gizartean, eta ez dagoela gorde beharrik”.

Ezkontzeko eta adoptatzeko eskubidea izateko, berdintasuna bermatzeko, legea beharrezkoa dela adierazi du Les Bascos elkarteak. Orain arte, sexu bereko pertsonek ez dute legez haurrak adoptatzeko eskubiderik izan, bietako batek adoptatu behar zuen besteak haurrarengan inolako eskubiderik izan gabe. Aukera horren aurka ere egin du elizak.

Jarrera “atzerakoi” horien aurreko sostengua eskatu du Les Bascos elkarteak, horregatik herritarrak, alderdiak, sindikatuak eta elkarteak denentzako eskubideen aldeko mobilizazioetan parte hartzera deitu du. “Gizartean eskubide bat bermatzea lortzen denean, gizarte osoak lortzen du horren onura”.

Antolatutako mobilizazioak

  • Azaroak 17: elkarretaratzea Baionan. Kissing edo talde musukatzea egingo dute bertan.

  • Azaroak 22: Lehen bilkura publikoa Baionan. Informazioa, eztabaidak, mintzaldiak eta filmak ikusi ahal izango dira.

  • Azaroak 29: Les invisobles filma Baionako L´autre zinema aretoan. Film horren inguruan eztabaida handia izan zen Canneseko Zinemaldian (Frantzia).

  • Abenduak 1: Elkarretaratzea Miarritzen. Baionako apezpikuak bultzatutako Biziaren Aldeko Taldeak sexu bereko pertsonen aurkako kanpainaren barne antolatutako bilkuraren toki eta egun berean.

  • Abenduak 5: Bilkura Hazparneko Elgar zentroan

  • Abenduak 6: Bilkura Uztaritzen

  • Abenduak 12: Bilkura Maulen

  • Abenduak 19: Bilkura Donibane Garazin.

  • Urtarrilak 16: Bilkura Donapaleun

Ekitaldi gehiago antolatuko dituztela adierazi dute, baina datak zehaztu gabe daude oraindik.