2019-12-19 12:58

Txiletik. Santiagon iragarrita zegoen NBEk urtero klima aldaketari buruz antolatzen duen bilera: COP25 aurton. Aldiz, egungo krisi politikoak ez du “bermatzen” nazioarteko ekitaldi diplomatiko honen jarduera “normala”. Beraz, Sebastian Piñera presidenteak amore eman du eta Madrilen egingo da. Urrian bere gobernuak metroaren txartelaren salneurria 30 peso igo eta ur tanta horrek 30 urtetan izandako mobilizazio eta protesta handienak sortarazi zituen. “Ez dira 30 peso, 30 urte dira” entzun diegu txiletar haserretuei. 30 urte pasa eta gero Txilen hasitako shock neoliberalak ez ditu azken emaitzak erakutsi. Pinochet diktadoreak utzitako herentzia hilkorra bizirik omen dabil.

Greta eta Belen. Gloria Baigorrotegui, ingeniari eta aktibista txiletarrak urriko altxamendua baino lehen bisitatu gintuen. Teknologia eta arazo sozio-ekologikoaz tesi doktorala EHUn burutu zuen eta Boroako Zentral Termikoa kasu azterketa izan zuen. Oraingoan, Trantsizio Energetikoa eta Demokrazia-z ari ginen Sarrikoko Ekonomia Fakultatean, eta Greta Thunberg zein Belen Curamil gazteen diskurtsoak ekarri zituen gure begi eta belarrietara. Gazte eskandinabiarra ezaguna dugu, gure arteraino heldu berri den Fridays For Future gazte mugimendu ekologista unibertsala, baita haren aurkako kanpaina mediatikoa ere. Aldiz, Belen Curamil emakume gazte mapucheren hitzak ez ziren hain gertukoak. Bere aita Alberto Curamili –lonko (buruzagi) maputxeari, Temuco kartzelan dagoen preso politikoari– Goldman Nobel alternatibo (Alberto Curamil Premio Goldman 2019) sari ekologista eman zioteneko hitzak izan ziren bereak. Gloriak, bi aktibista eredu eta bi mundu ulermen bateragarri baina oso desberdinak jarri zizkigun etsenplutzat. Maputxeen adibidea oso esanguratsua da. Belenek zioenez, ez daude kolapso klimatiko eta ekologikoaren esperoan, duela 500 urte kolapsatu baitzuten euren zibilizazioa. Kolonizatzaileena da orain kolapsora doana.

Madrilera. Pedro Sanchezek, Piñeraren testigua poz-pozik hartu omen zuen. Trantsizio Ekologikorako ministerioak COP25aren antolamendua onartu eta green washing kanpaina berri bati ekingo dio. Lekua aldatu, ekologisten leloak bahitu (sostengarritasuna, ekonomia zirkularra, trantsizio energetikoa, klima larrialdia…) eta esanahiak eraldatuko dituzte, baina horrek ez ditu larrialdiaren parametroak aldatzen.

Gloria, maratoi  luze honetan, hemen eta orain, Atlantikoaren alde honetako ekologistek txiletarren testigua ere hartuko dugu. Zuekin batera, Amalurraren defentsan.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
TRADENERen helburua Trantsizio Energetiko Demokratikoei buruzko hausnarketa egitea da hainbat ikerketa bidez, eta bertako eta munduko eragileekin batera. Egungo energiaren erabilera (sorkuntza, banaketa, …) ez da batere bidezkoa eta hainbat eta hainbat giza eskubide urraketen atzean dago mundu osoan zehar. Energia zertarako energia eta norentzako?