2019-11-29 13:08
 (Elkarrizketa: Uxue Gutierrez  / Argazkia: Marisol Ramirez)
Ekuadorren Chevron petrolio enpresarekin bizi izandakotik abiatuta, Fajardo borrokan dabil Nazio Batuen Erakundean transnazionalak epaitzeko itun lotesle bat lortzeko. Enpresen «krimenak» zigortzea du xede.
Pablo Fajardo abokatuak (Sucumbios, Ekuador, 1973) kezka bat du bueltaka aspalditik: nazioarteko enpresen «inpunitatea». Arazoa «egiturazkoa» dela iritzita, konponbide global baten bila dabil Fajardo. Bere esperientzia zehatzetik abiatuta egin du gogoeta: 1964tik 1992ra bitarte, Estatu Batuetako Chevron petrolio enpresak hondakin toxikoz bete zituen Ekuadorko Amazonia iparraldeko errekak. 1993an, UDAPT Texaco Operazioan Kaltetutako Pertsonen Batasuna sortu, eta enpresa epaitegian salatu zuten. Prozesuaren abokatu nagusia izan zen Fajardo. Horren berri eman du Ekologistak Martxan-ek antolaturiko Energia trantsizioa eta demokraziari buruzko nazioarteko konferentzian izeneko kongresuan.

Zure esperientzia kontatu duzu Latinoamerikako esperientziak mahai inguruan: Estatu Batuetako Chevron petrolio enpresak Ekuadorren ezarri zuen fabriketako bat. Zer defendatzen zenuten?

Ezin da borroka horretaz iraganean hitz egin; gaur egun segitu egiten du. Chevronek Ekuadorren egin zuena inoiz petrolio enpresa batek nahita egin duen krimenik lazgarrienetariko bat da.

Nahita?

Bai. Ez zen hodi bat apurtu, edo oharkabeko isuri bat egon. Enpresak hondakin toxikoak isuri zituen Amazoniako erreketan. Ekuadorko iparraldean 60.000 milioi litro ur toxiko zeuden, eta 26 urtez jardun zuen hori egiten. Gainera, petrolio gordinarekin estaltzen zituzten inguruko bideak. Horrek errekuntza gasen pilaketa desegoki bat sortu zuen. Petrolio putzuetatik eratorritako toxikoak ere hobietan sartu eta ibaietan isurtzen zituzten. Enpresaren helburua zen hondakin toxikoak modurik merkeenean desagerraraztea. Bost axola zitzaien ekosistema, natura eta herri indigenen iraupena. Soilik euren ekonomiak inporta zuen.

Praktika horiek oihan tropikaleko 480.000 hektarea kutsatu dituzte, eta minbizia kasuak masiboki ugaritu dira. Gaur-gaurkoz, Chevronek kutsatu duen eremuak du mundu osoko minbizi kasu gehien biztanleko. Chevronek 90eko hamarkadan alde egin zuen Ekuadortik, baina oraindik haren ondorioak pairatzen ditugu.

Enpresa 9.500 milioi dolarreko kalte ordainak pagatzera kondenatu zuen Ekuadorko auzitegiak, baina ez du zigorra bete. Nola da posible?

Gure kasua inpunitate korporatiboaren adibide garbia da. Justizia ez da existitzen gaizkilea multinazionala denean, eta biktimak herri indigenak eta natura. Guk gudu judiziala irabazi genuen, behin betiko sententzia bat dugu Chevronen aurka; baina Chevronek ez du ordaindu nahi, eta ez du ordainduko.

Ezohikoa da zuen kasua?

Ez dago enpresak epaitzeko bide judizial eraginkorrik. Ez dago bermerik. Estatu bat epaitu daiteke, norbanako bat, baina ez dago aukerarik auzitegietan multinazionalak epaitzeko. Eta, gaur- gaurkoz, enpresak dira giza eskubideen urratzaile nagusiak. Multinazionalek sortzen dute kaltea: lurra suntsitu, herri indigenei erasotzeko gizataldeak prestatu, eta kutsagarriak isuri. Aberastasuna ere eurentzako da.

Gobernuen egitekoa zein da?

Gobernuak txotxongilo hutsak dira. Munduko gobernu guztiak enpresen kontrolpean daude. Ez da existitzen multinazionalen atzaparretatik kanpo jarduten duen estaturik. Interes korporatiboek gobernuak estu hartzen dituzte. Areago, Europako eta Ipar Amerikako enpresek lantokiak jartzen dituzte ingurumen kontrol urriak eta langileak esplotatzeko aukera dituzten tokietan. Ohartzen zara herriak eta lurra babesgabe geratzen direla, ez dutela euren eskubideak errespetarazteko tresnarik eskuragarri.

Tresna hori da Nazio Batuetan proposatu duzuen itun loteslea, transnazionalak epaitzekoa?

Marko horretan sinesten dugu; nazioarteko itun lotesle bat behar dugu. Herrien justiziarako sarbidea da, baina nekez lortuko dugu.

Zergatik da zaila?

Enpresen botereari estatuena eransten zaio, eta Nazio Batuen Erakundea ere bada katramila horren parte. Harrapatuta daude. Are, nortzuk dira itun horren kontra dauden eragile nagusiak? AEBak eta Europako Batasuna. Gainera, Europako Batasunak joko bikoitza egiten du. Irudia oso esanguratsua da: nortzuek osatzen dute Europako Parlamentua? Multinazionalen jabeek eta akziodunek. Europako Batasuna krimen global honen konplize zuzena da. Saiatzen dira senidetasun irudia saltzen, baina faltsua da. Europa barruan disimula dezakete, baina munduko beste txoko batzuetan inpunitate osoz jarduten dute.

Itun loteslearen bidea malkartsua bada, zein da konponbidea?

Konponbidea sistematikoa da. Ituna ez atzera ez aurrera dago, harrapatuta. Ekuador zen lantalde horren burua, eta, egun, herrialdea enpresen esku dago. Gobernua txotxongilo bat da, atzitua dago finantza sistema globalean.

Baina lehen pausoa gauza berberen alde dauden beste eragile sozialekin harremanetan jartzea da; sare globalak ehundu behar ditugu, berdin ipar zein hego. Kontua ez da geografikoa edo ideologikoa; ditugun arazoek gure planetari eragiten diote. Enpresek ez dute errespetuz jokatzen inon, ez dute herrialde bakar bat bera ere errespetatzen. Batzuetan kostatu egiten zaigu krimen korporatiboen biktima garela onartzea; onar dezagun, multinazionalek herrialde guztiei egiten diete eraso, eta konponbideak globala behar du izan. Gakoa ez da ideologikoa; finean, bizitzaz eta justiziaz ari gara. Herritarren kontzientzia kolektiboa garatu behar dugu.

Herritarrak egoeraren jabe dira?

Biztanleriaren lagin txiki bat, gehienbat gazteak, orain hasi da mugitzen. Gainerakoak lozorroan daude. Pantailaren aurrean igarotzen dituzte orduak. Enpresek telefonoak merkaturatzen dituzte, eta telefono horiek herritarren eskuetara iristen dira. Herritarrak merkatuaren parte bihurtzen dira, eta informazio jarioa hortik jasotzen dute, gehienetan desitxuratuta. Esperantzarik bada, gazteengan dago.

Alternatibarik bada, zer oinarriren gainean eraiki behar da?

Nik ez dut errezeta magikorik, baina herri indigenengandik asko ikas dezakegu. Mendeak daramatzate oihanean bizitzen, naturarekin erlazio izugarria dute eta beti errespetatu dute. Haiek bizitza osoa daramate orain borrokatzen ari garen horixe bera egiten. Ez dira metaketaren logikaren menpe bizi. Gure logika guztiz berekoia da; hazkunde ekonomikoaren mesedetan metatzen ditugu gauzak. Merkatuak elkarrekin lehiatzera garamatza. Garapena esaten dugu, baina nork garatzen du, zertarako eta zeren truke?

Herri indigenen eredua bada oinarri posible bat; egokitu beharko litzateke, baina abiapuntu on bat da. Horretarako, egiturazko aldaketak behar dira alor guztietan; bestela, atzera bueltarik gabeko amildegi batera goaz zuzenean. Oso intelektualak garela uste dugu, baina haiek dira benetako jakintsuak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
TRADENERen helburua Trantsizio Energetiko Demokratikoei buruzko hausnarketa egitea da hainbat ikerketa bidez, eta bertako eta munduko eragileekin batera. Egungo energiaren erabilera (sorkuntza, banaketa, …) ez da batere bidezkoa eta hainbat eta hainbat giza eskubide urraketen atzean dago mundu osoan zehar. Energia zertarako energia eta norentzako?