2021-04-08 09:28

Emakume* musikariak bildu, elkarri entzun, esperientziak partekatu eta elkarrengandik ikasteko helburua zuten Ez da Entzuten! jardunaldien hirugarren eta azken saioa izan genuen pasa den martxoaren 27an. Partaide kopurua handitu zela eta eguraldi ona zetorrela jakinda, aurreko jardunaldien egoitza izan zen Teila Fabrikatik Uliako lore baratzetara lekualdatu ginen oraingoan, egun osoa hartuko zuten Emakume* Musikarien Topaketaz gozatzera.

Goizeko 10:00etan hastekoa zen egitaraua baina, leku aldaketak eraginda, tantaka iritsi ziren partaideak. Guztira, 20tik gora emakume* musikari bildu ginen bertan, eta 11:00etan lortu genuen saioa hastea. Bertan ziren Maitane Barrenetxea eta Olaia Blanco dinamizatzaileak, material guztia prest, taldeari egunean zehar norabidea emateko.

Jardunaldiaren egitura azaldu eta beroketa ariketa batzuk egin ostean, lehen dinamikarekin hasi ginen. Elkar ezagutzea helburu zuten bi ariketak osatu zuten lehen dinamika. Lehenengoan, partaide bakoitzak bularrean pegatina bat jarri eta euren izena eta identifikatzen zituen musika-tresna eta animalia idatzi behar izan zuen; espazioan zehar mugitu eta, dinamizatzaileak agindutakoan, gelditu eta alboan zuen horrekin hitz egin behar zuten bularrean idatziak zituen gauza horien inguruan. Bigarren ariketan, partaideak borobilen jarri eta nahi zuenak emakume* musikari izateagatik bizitako esperientziaren bat kontatu behar zuen, zentrora pausu bat emanez; eta esperientzia bera izan zutenek ere pausu bat eman behar zuten.

Ondoren, Emakumea eta Musika izeneko atalean, partaideak taldetxotan banatu eta, bakoitzak arlo pare bat hizpide hartuta, hausnarketak egin ziren. Hiru ordu laurdenen buruan, taldetxo guztiak gune nagusira joan eta hausnartutakoa gizarteratu zuten. Gauza interesgarriak atera ziren plenario hartatik: “Formakuntza” alorrean, plano teorikoan gelditzetik ekintzara igarotzeko gonbitea egin zuen talde batek, elkarrengandik ikasteko tailerrak (musika-tresnak, alor teknikoa, alor juridikoa…) edota topaketak antolatuz. “Saretzea”ri dagokionez, tailer eta topaketa horien bitartez gure ezagutza emakumeon* artean gizarteratu eta elkar indartzea proposatu zen. “Amatasuna” gaia ere landu zen, eta musika eta amatasuna uztartzeko baliabideak aztertu ziren, baita ikusaraztea eta beldurrak kentzea sustatu ere.

Beste talde batek emakume* musikari izatearen indarguneak eta ahulguneak aztertu zituen; tartean, ez dagokigun espazioa hartzeak dakarren harrotasuna edota erasoei aurre egiteko protokoloak sortu eta ezagutaraztearen beharra. Proposamenen artean, emakumeen* bertsio gau bat antolatzearen ideia aipatu zen. “Irudia” zaintzearen presioaz ere hitz egin zen, eta elkarren hautuak ulertzen saiatzea eta, kritikotasuna galdu gabe, irudiarekiko ditugun diskurtsoak zaintzea proposatu zen. Jaialdietako antolatzaileek emakumeen* partaidetza ziurtatzeko erabiltzen duten “Kuoten sistema” arakatutako beste alor bat izan zen, baita “Nola lortu gure tokia kodigo maskulinoetan erori gabe”.

Bigarren dinamika amaituta, bazkalordua iritsi zen. Elkar ezagutzen jarraitzeko, ordu eta erdiko tartea eskaini zuten bazkaltzeko eta, batzuek ekarritako musika-tresnak aterata, giro ederra sortu zen bertan.

Arratsaldeko dinamikak, goizean hausnartutakoa “lurrera jaitsi” eta proposamen praktikoak botatzeko balio izan zuen. Goizean egindako talde txiki beretan banatu gintuzten berriz, eta arestian arakatutako alor horien harietatik tira eginez, proposamen ugari atera ziren. Tartea amaitutakoan, berriz ere gune nagusira jo ea proposamen horiek talde osoari azaldu zitzaizkion. Bertan, gehien bat, tankera honetako topaketei jarraipen bat emateko molde ezberdinak aipatu ziren: bertsio gau baten antolaketa; tailerrak, dinamikak, jam saioak eta kontzertuak bilduko zituen emakume* musikarien udalekuak Euskal Herriko herri ezberdinetan; emakumeok* musikan gure lekua lortzera bideratutako protokoloen lanketa eta gizarteratzea; irudi aldetik dugun aniztasuna ikusarazteko ekintza bat egitea; edota bertakoa bezalako jardunaldiak gutxienez urtean behin errepikatzea.

Amaieran proposatutako beste ideia bat, izen bakarraren pean identifikatutako mugimendu bat sortzea izan zen. Iaz “Elkarrekin egon ginen” Gernikako Astran, eta aurten gure ahotsa entzunarazi dugu “Ez da entzuten!” ekimenean. Izenaren aldetik gauza argirik atera ez zen arren, argi dago emakume* musikariok norabide berean ari garela arraunean azken urteotan. Barrerako, hausnarketarako eta elkarren zaintzarako eguna izan zen martxoaren 27a. Eta badakigu, izen berri batekin ala ez, hura ez dela azkena izango.

Ez da entzuten!
Testua: Lide Hernando.
Argazkiak: Saioa Gauilunak.

The post Emakume* musikariok, bizipenak partekatzen appeared first on Teila Fabrika.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Proiektuen elkargunea eta babeslekua gara, Donostiako Egia auzoan. Komunitatean egiten dugu aurrera, gizarte ekimen eta herri mugimenduarekin bat. Elkarlana, ekonomia soziala eta kultura ditugu ardatz. Saretu gaitezen eraldatzeko!