2020-12-04 11:14

Egia auzoan eskubaloiak badu indarra, grina eta xarma. Kirola izateaz gain atzean proiektua eta komunitatea duela esan daiteke, eta pertsona askoren elkargunea dela. Hori dela-eta, Teila Fabrikatik babesa eman nahi izan diegu aurten.

1959an hasi zen guztia. Josean Jauregik idatzitako “gure auzoa, nuestro barrio, Egia” liburuan azaltzen den bezala hondartzako futbolean edo gazteen txapelketan aritu izandako lagun talde batek, elkarrekin batera kirolean jarraitzeko ateak itxita zituztela ikusita, eskubaloi talde bat eratzea erabaki zuten atotxako Juventud Antoniana zelakoan, Agustión Olmosen laguntzaz.

Horrela azaltzen du liburuak: Ordura arte, lagun haietako batek ere ez zuen inoiz eskubaloian jokatu, eta ez zituzten arauak ezagutzen. Lehenengo entrenamenduak, oinarri oinarrizko pausuetatik hasita, Frantziskotarren lokaletan eta Mundaiz bidean hasi zituzten, aire zabalean, farolen argi eskasaren pean, erabiltzen zuten dutxa tutu malgu batetik ateratzen zen ur hotza izanik. Ikasteko modurik onena norgehiagoka aritzea zela pentsatu zuen Agustinek, eta berehala hasi ziren lehiaketetan parte hartzen. Galdu egin zuten lehenengo partidua, hamaika bost izanik emaitza. Lehenengo urteetan gelditu gabe ibili ziren erregional mailan.

Ondoren, taldeari Egia izena jarri zioten, kirol modalitate honetan auzoa ordezkatu nahian. Garai hartan entrenamenduak Andrés Manjón eskoletan egiten ziren, oraingo Aitor Ikastolan alegia. Aparteko giroa zegoen. Taldearen inguruan egiatar batzuk ibiltzen ziren beti, eta alde guztietara jarraitzen zieten. Izan ere, guztiek osatzen zuten Egia taldea, bai jokalariek baita jarraitzaileek ere.

1967-68 denboraldian Lehen Maila Nazionalean jokatzen hasi ziren eta Ohorezko Mailan sartzea lortu zuten. Bi urte hauetan, Kopako txapeldun ordea izan zen eskubaloi taldea. Urte loriatsuak bizitzen ari baziren ere, taldea desagertu egin zen urte batzuetan zehar. 1995an berpiztu zen, Egiako polikiroldegia ireki zenean, auzoko eskubaloi jokalari gazteei aukera berriak eskaintzeko helburuarekin.

Gaur egun, Egia Eskubaloiak 15 talde eta 215 jokalari ditu, 23 entrenatzaile eta 35 delegatu, 300 bazkide eta laguntzailetik gora eta 33 enpresa klubari eta bere taldeei babesa ematen. Egia Eskubaloia Kirol Elkarteak, eskubaloia sustatzea, ikastetxeekin batera kirol hezkuntza lantzea eta eskubaloiaren praktikarekin erlazionatzen diren jarduerak bultzatzea du xede, eta errespetua, konpromisoa, talde-lana, solidaritatea, berdintasuna, parte hartzea eta integrazioa bezalako baloreak partekatzen ditu. Horregatik aurten, Teila Fabrikak ere Egia Eskubaloia babestu nahi izan du.


Iturria: Josean Jauregi, Egia Gure auzoa/ Nuestro barrio (2002). Editoreak: Zai-Zoi Koordinadora Kulturala, Donostia Kultura. 

The post Egia Eskubaloia; indarra, grina eta xarma appeared first on Teila Fabrika.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Proiektuen elkargunea eta babeslekua gara, Donostiako Egia auzoan. Komunitatean egiten dugu aurrera, gizarte ekimen eta herri mugimenduarekin bat. Elkarlana, ekonomia soziala eta kultura ditugu ardatz. Saretu gaitezen eraldatzeko!