2025-10-31 12:54

Urriaren 31n Planifikazio Batzorde Teknikoa izan dugu, bertan Lanpostu Zerrendei buruzko datuak jaso ditugu. Berriro ere, Hezkuntza Sailak ez du adostutakoa bete nahi. STEILASetik eman beharreko urrats guztiak emango ditugu akordioko eduki hau ere adostutako baldintzetan betearazteko.

Behin betiko Lanpostuen Zerrendak argitaratu dituzte eta, Lehen Hezkuntzari dagokionez, akordioak ezartzen dituen lanpostuak ez dira bere osotasunean aplikatu. Adostutako testuak hurrengoa ezartzen du: “Irakastordu bat murriztuko da 25-26 ikasturtean eta bigarren ordu bat 26-27 ikasturtean. Murrizten diren orduak norberaren irakaskuntza prozeduren hobekuntzarako erabiliko dira. Hezkuntza Sailak behar besteko ordu-kredituak esleituko ditu paragrafo honetan ezarritako murrizketaren eraginez suertatutako eskola-ordutegiaren orduak betetzeko.”

Lehen Hezkuntzan 80 irakasle gehigarri inguru baino ez dituzte txertatu ikasturte honetan, baina adostutakoa aplikatuz gero, askoz gehiago izan beharko lirateke, eta hurrengo ikasturtean beste hainbeste. Neurri honek lan-karga arintzeko ezinbesteko puntua da.

Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketarentzat hurrengo testuak daude ezarrita: “Astean 2 ordu ikasleen gurasoekin egoteko, eta nork bere karguko zereginak betetzeko”… “Bigarren Hezkuntzako, araubide bereziko ikasketak eta Lanbide Heziketako irakasleek 17 eskola-ordu emango dituzte gehienez, laguntza- eta indartze-programetan emandako eskola-orduak orduak barne (Hedatze edo izaera analogoko programak). … Era berean, esparruka, proiektuka eta ikasgelan berrikuntza-proiektuetan lan egiten duten bigarren hezkuntzako, araubide bereziko eta Lanbide heziketako irakasleentzako irakaskuntza orduen murrizketak jasoko dira. Murrizketa horiek gutxienez irakastordu bateakoak izango dira… “

Irakasle askok Hedatze ordua 17 ordu hoietatik kanpo izaten jarraitzen dute eta onartezina da. Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan ere 17 irakastordu eta 2 zaintza baino gehiagorekin ez luke inork egon behar, eta hori bermatzeko baliabide pertsonalak ezarri behar ditu Hezkuntza Sailak. Ikasleen gurasoekin elkartzeko eta lan prestaketarako ordua babestuta egon behar da, eta hau ez da betetzen ari. Proiektuka edo eremuka lan egiten dutenek 17 ordutatik behera egon behar dute, beraz.

Hedatze programa eraldatzeko asmoa du Hezkuntza Sailak, baina eraldaketa hau sindikatuekin adostea exijitu diogu gaur. Ez dugu onartuko ikastordu horiek 17 orduetatik kanpo geratzerik, ezta ikasleekiko arreta orduak gutxitzerik ere.

Beste gai garrantzitsu batzuk ere badaude: lanpostuen Hizkuntza Eskakizunak aldatu beharraz aritu gara ikasleen euskaraz ikasteko eskubideak bermatu ahal izateko. Erlijioko lanpostuak bertan behera uztea ere eskatu dugu, benetako eskola inklusiborako bidean.

Bukatzeko, eskola planifikazioa eta horren ondorioz ezartzen diren ikastetxe sareetako aldaketak sindikatuekin ere negoziatu behar dituzte. Beraz, fusioak gauzatu baino lehen, mahaira ekarri behar dituztela argi eta garbi adierazi dugu.

STEILASetik beharrezkoak diren urrats guztiak emango ditugu maiatzean sinatutako lan-akordioan jasotakoak aplikatzeko.

The post Urriak 31: Hezkuntza Sailak ez ditu maiatzean sinatutako akordioan adostutako ikastordu murrizketek sortzen dituzten lanpostu guztiak ezarri appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.