2025-05-09 23:16

Hori horrela, GREBAK eta MANIFESTAZIOA BERTAN BEHERA geldituko dira

 Greba eta mobilizazio dinamikak bere ondorio onak izan ditu. Lortu dugu adostasuna Hezkuntza Sailarekin eta, azkenean, sektoreko beharrei erantzuteko edukiak mahai gainean ipinarazi dizkiogu. Proposatutako neurri eta edukien azterketa zehatza egin ondoren, akordioa sinatu dugu STEILAS sindikatuko kideok. Astebeteko grebaren atarian eta hezkuntza komunitatearen babesarekin deitutako manifestazioaren bezperan lortu dugu hori. Argi dago mobilizazioak eta gauzatutako greba dinamika indartsua izan direla Hezkuntza Saila mugiarazi dutenak. Horrenbestez, greba eta mobilizazio dinamika hau negoziazioa hauspotzeko biderik eraginkorrena izan da.  

STEILAS lehen indarra da sektore honetan. Horrek ardura eta zuhurtzia eskatzen du negoziazio fase guztietan. Hauteskunde sindikaletan izandako emaitzek eman ziguten lidergotza horrekin erantzukizunez jardun dugu negoziaketan eta lortu dugu adostasuna. Era berean, batasun sindikala borrokarako ardatza da gure sindikatuan, eta horren isla da, adostasunera gehiengo sindikala batuta iritsi dela. Ordezkaritza sindikalaren %80 inguruk (STEILAS, LAB, CCOO eta Interinok) bat egin du STEILAS sindikatuarekin egoera honen aurrean.

Lortutako hobekuntzek gako politiko argia dute: publikoak izan behar du erreferente gizartearentzat langileen eskubideen borrokan. Euskal Eskola Publikoak behar du izan hezkuntza sistema osoaren ardatz, muin eta ipar. Euskal Eskola Publikoak ez du parekorik! Esan bezala, datozen egunotan Hezkuntza Sailak proposatutako edukien xehetasunak jakinaraziko ditugu. Bien bitartean, oso modu laburrean, hauek dira adostu ditugun hobekuntza nagusiak: 

Lan zama: ordu lektiboak jaitsi eta baliabide gehigarriak txertatu dira. LH eta HHn 21 ordu lektibo izango dituzte (murriztuko diren bi orduak norberaren irakaskuntza prozeduren hobekuntzarako erabiliko dira). BHn 17 ordu lektibo gehienez (Hedatze barne) eta irakasleak 23 orduen baitan familiak artatzeko ordu osagarria izango du. 2025-2026 ikasturtetik aurrera aplikatuko da neurri hau. Desburokratizatu egingo dira irakaskuntza-lanaren funtzio edo zeregin osagarriak, irakasleen lan-zama arintzeko. 

Baliabideak: 800 langile inguru gehiago izango dira. Baliabideak esleitzeko betekizunak malgutu dira, eta hala lanpostu gehiago sortuko dira. Euskararekin lotutako baliabideak gehituko dira, HIPI eta EUSLE orduek gora egingo dute. Aldi berean, Hizkuntza Proiektutarako Mentoreak sortuko dira euskara indartzeko. EHI/ALE baliabideak ere handituko dira. Ongizate emozionalaren figura berria sortuko da zentro guztietan, eta orientazio-figurak edota PTak handituko dira LHko zentroetan.

Gazteberritze plana: 60 urtetik aurrera, erretiroa hartu arte herena murrizteko aukera izango dute langileek, simulaziorik aurkeztu gabe eta 65etik gora irakastorduen erdia murriztuko da. Aurreko neurriaz baliatu beharrean, irakastorduen murrizketa metatzeko aukera badago guztiontzat (zuzendaritzak, aholkulariak, ordu lektiborik ez duena…). Gehienez ere 18 hilabete lehenago etxera joatea ekarriko luke horrek. 

Ordezkoen uda kobraketa berreskuratu da: 165 egun lan egin dutenek uztaila eta abuztua kobratu, kotizatuko eta puntuatuko dute. Horrez gain, ordezkoen lan-baldintzak parekatu eta hobetuko dira, karrerako funtzionarioenekin berdintze aldera. 

Ordainsaria: %7ko soldataren igoera. Datozen urteetan funtzio publikoan aplikatuko diren igoerez gain, %7ko soldataren igoera izango da hurrengo hiru urteetan. 2025eko ekainean hasita %2 (irailean kobratuko litzateke lehendabiziko igoera atzeraeraginez), 2026-2027an %2,5 eta 2027-2028an 2,5. 

Zorionak eta mila esker zuen esfortzu eta konpromisoagatik, grebei emandako babesik gabe hau ez litzateke posible izango. STEILAS sindikatuko kideok, zuekin batera, denona eta denontzat den Euskal Eskola Publikoaren alde borrokatzen jarraituko dugu. Gora zuek! GORA EUSKAL ESKOLA PUBLIKOA!

The post STEILASek, gehiengo sindikalarekin batera, unibertsitatez kanpoko irakasleen akordioa sinatu du appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.