2021-10-08 10:40

Segregazio sexu-generikoa itundua dago. Segregazioaren armairutik atera!

Datorren urriaren 11n armairutik ateratzeko nazioarteko eguna ospatuko da; 22an, trans despatologizazioa aldarrikatuko da; 26an, ikusgarritasun intersexualaren eguna izanen da. Ikastetxe honen aurrean elkartu gara, ezinezkoa baita behar bezala lantzea aniztasun afektibo-sexualari eta genero-identitateari buruzko gaiak. Ez ikasleak, ez ikastetxe honetako irakasleak, ezin dira armairu zisheteropatriarkaletik atera: itxi eta ito egiten ditu. Lesbianak, gayak, trans pertsonak, ez-bitarrak, bisexualak, intersexualak eta abar ikusezintasunera eta autozentsurara kondenatuta daude, ikusgarritasunak jazarpen izugarria eragin baitiezaieke.

Bere burua hezitzailetzat daukan ikastetxe honek Hezkuntza Departamentuarekin sinatu zuen Lehen Hezkuntzako etaparako ituna berritzea, eta, ustez, LOMLOEn xedatutakoa betetzeko konpromisoa hartu zuen. Lege horrek debekatzen du diru-laguntzarik ematea sexu-genero bereizketa egiten duten ikastetxeei eta honek segregatzen jarraitzen du. Azken hilabeteetan, antzerki mediatiko bat ikusi dugu, zenbait informaziorekin. Informazio horien bidez, arreta kendu nahi zitzaion legea ez betetzeari, eta ontzat eman da ikasgelak “pixkanaka” misto bihurtzea, ikasturtearen hasieratik talde guztiak mistoak izatea zaila balitz bezala. Dena bat dator PPSOEren ideologiarekin, status quo-ari eusten baitio, legeen aldaketak gorabehera, azken finean itxura hutsean gelditzeko.

Legea betetzen ez bada, ituna berehala eten beharko litzateke, eta Hezkuntza Departamentuak ikastetxe publiko batean ikaspostu bat eman beharko lieke ikasleei, haien betebeharra baita haur guztientzako hezkuntza egokia bermatzea. Segregazio mota horren apologia nesken eta mutilen garunen arteko ustezko desberdintasunetan oinarritzen da, baina aurreiritzi matxista zaharkituak baino ez dira, argudio sasizientifikoz jantziak, zisheteropatriarkatua bertsio nazionalatolikoenean erreproduzitzen jarraitu besterik bilatzen ez dutenak, nahiz eta haien oinarriak, neurri handiagoan edo txikiagoan, zabaldu erlijio-ikastetxe pribatu eta itundu ugaritara.

Ikasleek eskubidea dute hezkidetzarako, genero-autodeterminaziorako eta sexualitatea askatasunean garatzeko, doktrinamendu fundamentalista katolikoak mugatu gabe. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Foru Legea eta LGTBI+ Gizarte Berdintasunari buruzko Foru Legea eremu guztietan bete behar dira, eta ikastetxe honetan ez da halakorik egiten.

Sexu-generoen bereizketa ez da hemen gertatzen den bakarra. Bereizketa sozioekonomikoa ere gertatzen da, kuotak, materialak, jarduera osagarriak eta abar ordainduta, familia pobreetatik datozen ikasleak matrikulatu ez daitezen. Gainera, ikasleei beste eskubide bat kentzen zaie, hau da, Nafarroako berezko eta jatorrizko hizkuntza, euskara, ezagutu eta erabiltzea, hizkuntza apratheidaren bitartez.

STEILASek hezkuntzan gertatzen diren segregazio mota guztiak salatuko ditu, edozein dela ere bereizkeria eremua eta eragile arduraduna, duela gutxi argitaratu dugun segregazioari buruzko txostenean adierazi dugun bezala.

 

Iruñea, 2021-10-8

The post #SEGREGAZIOA. Lehen geltokia: ikasleak sexu-generoagatik banatzen dituzten ikastetxeak. appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.