2019-05-02 13:54

Beste aukera bat hezkuntza publikoko kontratazio araudia negoziatzeko

Nafarroako Auzitegi Nagusiak emandako epai baten bidez, baliogabetu egin da hezkutza publikoko irakasleen kontratazioa arautzen duen foru agindua. Nafarroako Gobernuak helegitea jarri du eta, beraz, aipatu foru aginduak indarrean jarraituko du hurrengo hiletan, Auzitegia berriz mintzatu arte. Horrenbestez, bada aukera delako araudia negoziatzeko, 2018an onetsi zenean, mahai sektorialeko sindikatu guztien ezezko botoa jaso baitzuen.

Baliogabetutako araudiak ezartzen ditu kontratazio zerrenden eta oposizioaren arteko lotura, lehentasunezko zerrendak ezarrita, 2007an orduko Hezkuntzako kontseilari Carlos Pérez-Nievasek inposatuak (garai hartan CDNkoa zen eta, orain, Ciudadanos alderdiaren koordinatzailea). Bada, PPren gobernupeko autonomien eredua imitatu besterik ez zuen egin politikari horrek. Hala ere, oposizioa eta kontratazio zerrenda ez lotzea legezkoa da erabat, eta zenbait autonomia erkidegotan halaxe egiten dute.

Araudiaren ondorio negatiboak begi-bistakoak dira: milaka irakasle dihardute oposizioak prestatzen, ez funtzionario lanpostu bat lortzeko, hurrengo ikasturtean lana izateko baizik. Horrek estres maila handia eragiten die eta laneko bajak nabarmen ugaritzen dira; zail egiten da Haur eta Lehen Hezkuntzan ordezkoak bilatzea, nahiz eta kontratazio zerrendetan irakasleak egon (epe laburrean eta ertainean nahiago dute oposiziorako ikasi eta ez ordezkapen kontratu bat hartu); eta, orobat, pertsona asko espezialitate batera baino gehiagora aurkezten dira, zerrendetan egoteko. Beraz, epaimahai kopurua izugarri handitzen da eta oposizioaren garapenari alferrikako nahasmendua baino ez dakarkio.

Egoera honen aurrean, premiazkoa da beste araudi bat negoziatzea eta itzultzea oposizioekin lotu gabeko kontratazio zerrendak kudeatzeko sistemara, salbuetsirik oposizioa gainditu bai, baina funtzionario bihurtzen ez diren pertsonek urte bateko lanaren adinako esperientziaren puntuak izanen lituzketela. Orobat, urtero egin beharko litzateke zerrendetako langileen birbaremazioa (Nafarroan halaxe zen 2007 arte), kontuan hartuta lortutako esperientzia eta beste merezimendu batzuk. Horrela, bajak betetzeko pizgarria izanen litzateke, esperientzia hori hurrengo birbaremazioan baliaturik, aipatu pertsonak hobeki baileudeke zerrendetan.

STEILASek irakasleen lan eskubideak defendatzeko borrokan jarraituko du, eskola publikoari tinko eusteko.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 5ean

prentsa oharra STEILAS 2019.05.02

The post Prentsa oharra. Nafarroa. Beste aukera bat hezkuntza publikoko kontratazio araudia negoziatzeko appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.